Egitura inpertsonalak
Esaldi hauen artean, ba al dago bigarrenaren alde egiteko gomendiorik?
1. Bileran gai asko aztertuko dira.
2. Bileran gai asko aztertuko ditugu/dituzte.
Ondo dakizunez, biak dira zuzenak. Baina komunikologoen aholkua da estilo pertsonala erabiltzea. Begiratu zer dakarren horren kontura IVAPen Estilo Liburuak, 132. orrialdean :
AHAL DELA, UTZI AGERIAN EGILEA
Gaztelaniaz gaur egun joera handia dago egitura pasiboak eta inpertsonalak erabiltzeko. Eta baliagarri dira, gainera, egilea ezkutatu beharra dagoenean; esate baterako, Administrazioak badakienean hartzaileak ez duela gustuko izango mezua, edota lege bat idazterakoan.
Halere, herritarrari idazten zaionean komeni da, ahal den guztietan, egitura aktiboak erabiltzea, horrela argi gelditzen baita egilea zein den:
El incumplimiento por parte del interesado de las Bases dará lugar al reintegro de la totalidad de las cantidades cobradas.
(saihestekoa) Interesatuaren aldetik oinarriak ez betetzeak kobratu diren kopuruak osotara itzultzea sorraraziko du.
Oinarriak betetzen ez baditu, bekadunak diru guztia itzuli beharko du.
(saihestekoa) Jakinarazten da 30 eguneko epea dutela interesdunek alegazioak egiteko.
Jakinarazten dizut 30 egun dituzula alegazioak egiteko.
(saihestekoa) Ekitaldi hori oso txalotua izan zen herritarren aldetik.
Ekitaldi hori asko txalotu zuten herritarrek.
(saihestekoa) Ziur gaude neurriak oso abegi ona izango duela gurasoen aldetik.
Ziur gaude gurasoek pozik hartuko dutela neurria.
Ziur gaude gurasook pozik hartuko duzuela neurria [hurbilagoa].
Iritzia
Juan Luis Zabalak, Txistu eta biok liburuan, kultura eta kirola parean jarriz, hausnarketa bat egiten du. Bakoitza bere arloan punta-puntakoak izatera iritsi ziren hiru sortzaile aipatzen ditu : Borroughs idazlea, Larrea poeta eta Oteiza artista, eta porrot egin zutela dio.
"Porrot egin zuten, bistan da (...) zer dakigu benetan haietaz? Zer arrasto utzi du zehazki haien lanak guregan? Zer neurritan lor dezake egile, artista, sortzaile edo dena delako horietako batek bere obrak hartzaile batzuen gustukoak izateaz haragoko ezer? Kontua demagogiaren bidetik karikaturaraino bihurrituz: zein egile, artista, sortzaile edo dena delakok eman liezaioke, eta nola, ni bezalako herritar xume bati, Realari edozein asteburutan Espainiako Ligan "urrezko hiru puntu" eskuratzeko balio dion gol batek adinako pozik?
Txistu eta biok
Juan Luis Zabala
Artikulua
Budapesteko Szent István plazan, neska talde bat zebilen astelehen honetan –haietako bi eskutik helduta–, euskaldunak izan zitezkeenak, gaztelaniaz eta nahikoa ozen ari zirelako, hainbeste non, gertu ez banengoen ere, entzun ahal izan bainuen nola batek besteei galdetu zien ea atxilotuko zuten Hungarian hori debekatuta egonik. Nire ondoan zihoan mutilak eskutik heldu zidan orduantxe, akaso neskek pentsa zezaten herri segurua zela eta, ez balitz ere, ez dela beldurrik ukan behar hori egin edo izateagatik (2015-IV-9).
Angel Erro
Lerro etena (2004-2018)