BEGIRATU aditzak bi erabilera dauzka:
1. NOR-NORK motako aditz laguntzailea hartzen badu,"zaindu, jagon" esan nahi du.
2. NOR-NORI-NORK motako laguntzailea hartzen badu, ordea,"ikusi" ("so egin") aditzaren parekoa da. Beraz, "begiratu dizut" eta "begiratu zaitut" biak ondo egon daitezke, baina esanahi desberdinekoak dira.
Hemen, BEGIRATU aditzak “SO EGIN” esan nahi duen kasua hartu dugu kontuan. Beraz, ez ahaztu: kasu horretan NOR-NORI-NORK aditz laguntzaileaz baliatzen da.
*Futbolariak lurretik haserre begiratzen zuen epailea.
Futbolariak lurretik haserre begiratzen zion epaileari.
*Ikaslea aurpegira begiratu behar duzu, ea ulertu duen edo ez jakiteko.
Ikasleari aurpegira begiratu behar diozu, ea ulertu duen edo ez jakiteko.
*Mirespenez begiratzen zaitu horko gazte horrek.
Mirespenez begiratzen dizu horko gazte horrek.
*Mutilak maitemindu-aurpegiarekin begiratzen zuen bere andregaia
Mutilak maitemindu-aurpegiarekin begiratzen zion bere andregaiari.
HEMEN dauzkazue ariketa gehiago
(…) Baina ez ahaztu inoiz, Paul maisu gaztea. Mundu guztiak dauka bere maitasun istorioa. Mundu guztiak. Desilusio bat izan daiteke; edo inoiz hasi gabea, edo ezertan ez geratu den zerbait, edo buruan egon daiteke dena, eta horrek ez dio benekotasun gutxiago ematen. Batzuetan, benetakoagoa egiten du. Batzuetan, bikote bat ikusten duzu, eta erabat aspertuta dirudite bata bestearekin, eta ezin duzu irudikatu ezer komunean dutenik, edo zergatik bizi diren oraindik elkarrekin. Baina ez da soilik ohitura edo konplazentzia, edo konbentzioa, edo antzeko ezer. Behin beren maitasun istorioa izan zutelako da. Mundu guztiak dauka. Istorio bakarra da.
Istorio bakarra
Julian Barnes