-EN eta –KO atzizkiak eta diru-balioak
Noiz erabili –EN eta noiz –KO
Ø Zerbaiten balioa guztira zenbat den adieraztean, -EN
- Hogeita hamar eurorEN gasolina. (Hogeita hamar euroren truke ematen dutena)
- Bi eurorEN gaztainak.
- Bost eurorEN txurroak.
- Hiru pezetarEN karameluak.
Ø Unitatearen prezioa adieraztean, -KO
- 1,33 euroKO gasolina. (Litroak 1,33 euro balio du).
- Hamalau euroKO txakolina. (Botilak edo dena delako unitateak 14 euro balio du).
- 800.000 pezetaKO boilur zuria (Kiloak edo dena delako unitateak 800.000 pezeta balio du).
Ø Diferentea da esanahia adibideotan, bi atzizkietatik zein erabiltzen den:
- 3.722 milioi euroREN akzioak salerosi ziren.
- ?3.722 milioi euroKO akzioak salerosi ziren.
- 200 eta 1.000 euroKO akzioak jaulkiko dituzte.
- ?200 eta 1.000 euroREN akzioak jaulkiko dituzte.
Oharra: ? ikurrak esan nahi du perpausa ez dela pragmatikoki egokia, gramatikala izan arren. Testuingurua emanez gero, orduan erabil liteke.
https://www.ehu.eus/eu/web/euskara/ehulkuren-aholkuak
Pasartea
Egunen batean entzungo duzu beharbada gizonezko doilorren batek asmatu zuela ispilua eta jarri zuela emakumearen eskuetan, bere buruaz haratago mundurik ikus ez zezan, bere edertasunaren mirabe bihur zedin, goizero bere xarmen kontaduria egiten denbora gal zezan, baina ez da egia, emakume bat izan daiteke ederra eta bere buruaren jabe. Uste dut zu horrelakoa izango zarela egunen batean.
Ispiluak eta itsasoak
Joxean Agirre