BALIO IZAN
Batzuetan, NOR saileko aditz gisa hartzen da, eta honela jokatzen da: “*hori ez da balio”; hortik erraza da “*niri ez zait balio” ateratzea, eta ondorioz NOR-NORI saileko adizkiak erabiltzen dira. Dena dela, oinarria NOR-NORK sailekoa baita (“horrek ez du balio”), datiboa sartzen delarik jokoan “niri ez dit balio” bezalakoak erabili behar dira.
*Zure apunteak ez zaizkit balio azterketa honetarako.
Zure apunteek ez didate balio azterketa honetarako.
Hartu nire boligrafoa, ea *balio zaizun
Hartu nire boligrafoa, ea balio dizun.
Zuk utzi niri bi liburuak, eta *balio ez zaidana itzuliko dizut
Zuk utzi niri bi liburuak, eta balio ez didana itzuliko dizut
*Eman zenidan disketea ez zitzaidan balio nire ordenagailuan
Eman zenidan disketeak ez zidan balio nire ordenagailuan
Ariketak HEMEN
PASARTEA
Zerua 1
Hegaldiak zortzi ordu iraun zuen, eta ia
beste bi behar izan genituen maletak jaso eta
gure bila etorritako autoa hartzeko. Umeak
nekatuta zeuden, eta gazteenak segituan hartu
zuen lo. Zaharrenak ordea ez. Isil-isilik zihoan,
baina begirik itxi gabe. Eta hala segitu
zuen gure jomugara iritsi ginenean ere. Galde
egin genion azkenean, kezkaren bat ote zeukan.
Berak baietz egin zuen buruarekin. «Ez
ditut ikusi. Hainbeste denbora zerutik barrena,
eta ez ditut ikusi», esan zuen. «Zein ez
dituzu ikusi?», galdetu genion. «Pertsonak»,
esan zuen. «Zein pertsona?» «Hildakoak», zehaztu
zuen.
Bernardo Atxaga
Oharra:
Euskaltzaindiaren arau batek honela dio, laburbilduta:
Nor, ZEIN eta zer singularrerako zein pluralerako erabil daitezke, eta lehentasuna emango diegu. Nortzuk, zeintzuk eta zertzuk (pluralgileak) ere erabil ditzakegu.
Kasu honetan, Atxagak ZEIN ez dituzu ikusi? erabili du, eta ez ZEINTZUK ez dituzu ikusi?