"Oraindik orain"
Askotan oker erabiltzen delako dakargu gaur "oraindik orain" esapideari buruzko argibidea. Ikus dezagun.
"Oraindik orain" esapideak "duela gutxi" edo "arestian" esan nahi du. Adibidez: "oraindik orain egunkarian agertu den artikulu batean", edo "oraindik orain horixe bera esan dugu". Baina, zenbait euskaldunek "oraingoz" edota "oraindik" esapideekin nahasten dute.
Okerreko erabilera eginez, jakina. Hortaz, *"oraindik orain ez dakigu zer egin" esango bagenu?
Bada, gaizki esana, "oraingoz ez dakigu zer egin" esan behar baita.
Hortaz, ezta ere, ez esan *"oraindik orain ez dago garbi zer gertatu den", baizik eta...
"Oraindik ere ez dago garbi zer gertatu den"
*"Oraindik orain ez dago garbi zer gertatu den"
Iritzia
Hanna Lantto hizkuntzalaria, Bilboko euskarari buruz
(…) Bilboaldean bizi diren euskaldun zahar asko ez dira jatorriz bilbotarrak, eta Bilbon ere gehiago erabiltzen dute code switching hori euskaldun berriek baino. Hiztun berriek, aldiz, gehiago bereizten dute noiz ari diren erdaraz eta noiz euskaraz. Zaharrek ez bezala, agian uste dute euskañol-a erabiliz gero jendeak pentsatuko duela ez dakitela euskaraz ondo. Hiztun zaharrek hizkuntzaren autoritatea sentitzen dute, kode alternantzia egin arren inork ez duela zalantzan jarriko euren euskalduntasuna.
Egoera arruntetan askoz gehiago egiten da kode alternantzia. Akaso gaztelaniaren nagusitasunaren adierazle da, azken finean Bilbon jendeak euskaraz ari denean egiten baitu euskañol-a. Euskara informala elebiduna da eta gaztelania informala, aldiz, elebakarra. Leku euskaldunago batzuetan entzun dut kode alternantzia euskarara jendea gaztelaniaz ari denean.
Erreportaje osoa da interesgarria:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/hanna-lantto-hizkuntzalaria