Atzo/atzokoan
(…) Dagoeneko zenbait titularrek ez digu begi-belarrietan minik ematen. «Sahatsetako futbol-zelai berria inauguratu zen *atzokoan». Nola? Egunero inauguratzen al da zerbait Sahatsetan? Ba, egunero zerbait inauguratzen ez bada, aski eta sobera genuke «atzo»rekin. Badakit «atzokoan»-ek baduela luzera bat, osotasun itxura bat, jaso tankera bat... «atzo»-k ez duena. Baina martxa honetan laster gara «atzokoan etorri zen gure lehengusina» esanez.
Andoni Egaña
https://www.berria.eus/paperekoa/1928/022/001/2018-11-11/belarrak.htm
gaur/gaurkoan
Biak erabilgarriak izanik ere, gaur soila adierazi nahi denean, aski da bera bakarrik:
- Hotz egingo du gaur.
Beste batzuetan beharrezko da ‘gaurkoan’, jakina:
- Atzoko saioan ez zen ezer erabaki; gaurkoan erabaki beharko da (‘gaurko saioan’). [EH]
Erreportajea
Pello Zubiriaren erreportajeak gordin islatzen digu Europako kamioilarien egoera tamalgarria.
Barka iezaiozu kamioilari zoro horri: autopistetako galerianoa da
Orduka ez, kilometroka kobratuz
Renaultek Paris ondoko Flinsen daukan faktoria itzelean –237 hektarea lur, 67 hektarea pabilioi– Leila Miñano kazetariak atarian aurkitu du Cosmin 26 urteko txofer errumaniarra. Hiru hilabete dira Bukarestetik irten zela eta geroztik behin bakarrik egin du lo benetako ohe batean, gainerako gau guztietan kamioiaren kabinan. Bere kideek bezala otorduak su portatil txikian berotzen ditu, dutxatzen da zerbitzuguneetan... dutxa txukunik aurkituz gero.
Hilabetean 1.200 kobratzen ditu, horietatik 400 gastuetarako. Horiekin pasatu behar da hilabete osoa Frantzian, Alemanian edo Suedian! Eta hala ere dio moldatuko litzatekeela, ez balitz etxekoak faltan botatzen dituela. “Bi urteko alaba daukat. Etxeratu nintzen azken aldian, ez zen nire izenaz ere gogoratzen...”. Bi aste gogor gehiago falta ditu etxera itzultzeko, “ea denbora ahalik eta azkarren pasatzen den”.
Mendebaldeko langileen soldaten eta ekialdekoenen arteko leizea izugarria da. Txofer poloniar batek hilean 602 euro gordin jasotzen ditu, Frantziakoak 2.478, beti gordinetan. Poloniakoak laurdena. Hala bihurtu da Polonia nazioarteko garraioan Europako txapeldun: 32.000 enpresa, 3,2 kamioi handi, hamar biztanleko kamioi bat.