Futuro historikoa
Ez da egokia gaztelaniazko futuro histórico delakoa euskaraz kalkatzea.
Iraganeko burutuaren monotonia hausteko baliatzen da gaztelaniaz. Euskaraz, ordea, hobe erabat baztertzea: horren premiarik ez dago.
Urte hartan Urruñan bizi zen gurasoekin eta anai-arrebekin; handik gutxira Beskoitzera *esposatuko da, eta etxalde bat errentan *hartuko du, seme-alabak* haziko ditu eta, artean sasoiko, familia osoarekin batera Kalifornia aldera* joko du.
Urte hartan Urruñan bizi zen gurasoekin eta anai-arrebekin; handik gutxira Beskoitzera esposatu, eta etxalde bat errentan hartu zuen. Seme-alabak hazi eta, artean sasoiko, familia osoarekin batera Kalifornia aldera jo zuen.
EHULKUren aholkuak EHU
Artikulua
Euskaldunon kultur kontsumoaz, inkesten sinesgarritasunaz…
Joan den astean publikatu zen Siadecok Elkar fundazioarentzat egindako ikerketa baten emaitza, euskaldunon kultur kontsumoko ohiturak aztertzen dituena. Datuak kaxkarrak zirela-eta, harritu egin ziren asko. Ni horien harridurarekin harritzen naiz, zinez uste baitut datuak errealitatean askoz txarragoak direla ikerketa horrek dioena baino. Euskaldunon (euskal hiztunon) ia erdiak euskarazko musika kontzertuetara joateko ohitura omen dute azterketaren arabera. Benetan?
Nire familian hasten naiz pentsatzen, eta horko kide gehienak uste dut behin ere ez direla euskal musikako emanaldi batera joan, bizitza osoan. Hirutik batek erosten omen du euskarazko disko bat urtean. Zer? Uste duzue hainbeste disketxe itxiko zirela hirurehun mila pertsonak urtean gutxienez disko bat erosi izan balu?
Luze jarrai nezake, liburu-erosleekin, kazeta-irakurleekin... baina ez dut halakorik egin nahi, populazio-lagin bezala nire sendia erabiltzeak ez baititu oso leku onean utziko nire etxekoak, eta hortik kanpo nire usaimena (edo irudipena, edo urte askotako eskarmentua) beste daturik ez baitaukat kontra egiteko. Eta ez dut uste ikerketa gaizki eginda dagoenik: besterik gabe, norbaiti zuzenean galdetzen bazaio zenbat euskara egiten duen, zenbat sexu praktikatzen, zenbat diru ematen ongintzazko ekintzetarako, erantzuleak beti dauka joera kontziente edo inkontzietea errealitatean den baino ederrago (konprometituago, guaiago) agertzeko.
Osorik irakurtzeko, HEMEN
Xabier Mendiguren Elizegi
Berria