Ohitura handia dugu ni pertsona-izenordain arruntatik eratorritako formak aldatzeko. Hots, zuzenak diren nire, nirekin, niretzat…erabili beharrean, *nere, *nerekin eta horrelakoak erabiltzen ditugu askotan. Horren inguruan zera jakin behar dugu:
ENE/NIRE, NIRI
Maila jasoan (formalean), ene idatziko da, eta gainerakoetan:
- Nire,
- Nirekin,
- Niretzat,
- Niri,e.a.
Ez idatzi, ordea, *nere, nerekin, neretzat, nere e.a.
Araua osorik.
-(E)Z GERO
Zer dio Euskaltzaindiak honi buruz? Adi hurrengo hiru kasuekin!
1. Aditzaren ondoren, kasu guztietan -(e)z gero idatziko da:
hori eginez gero,
hori egin duzunez gero.
Ez idatzi, beraz, hori egin *ezkero, etorri *ezkero…
2. Orduekin, eta oro har denbora posposizio gisa, ezkero ere idatz daiteke:
hamarrez gero / hamarrak ezkero,
zortziez gero / zortziak ezkero,
San Ferminez gero /San Ferminak ezkero,
atzoz gero / atzo ezkero.
3. Honezkero, horrezkero eta harrezkero aditzondoak, era horretan idatziko dira.
Araua osorik.
“Gura ez den edo izugarria den gizarte edo egoera”, horrela definitzen du Wikipediak distopia. Gehienetan, hitza lotzen zaio etorkizun beldurgarri bati, eta distopia horrela utopiaren kotrakoa litzateke, haren ifrentzua. Ezagunak dira George Orwell, Cormac Mccarthy edo Margartet Atwood-en narrazio distopikoak. Idazleek irudikatzen dute nahiko ez luketen gizarte bat, gaur egungoa kritikatzeko.
Distopia bat ematen du New Yorkek egunotan. Kaleak hutsik, zaratotsik ez da entzuten, ematen du hiriak arimarik ez duela. Izan ere, New York ez dira haren eraikin luzeak, guztion irudimenera datozen horiek. Ez, New York jendea da, langileak, artistak, zientzialariak. Hiriak berezko duen energia hori, horrek maitemintzen zaitu. Egun, dinamismo hori ez dago ikusgai, gordean dago, tristuraren itzalak estalia.
Jatekoa erostera noala, espaloitik denda hutsak ikusten ditut. Txartelak ere badituzte batzuk erakusleihoetan, lanpostuak eskaintzen, “we are hiring”. Ikaragarria da baina duela hilabete eskas dendak langileen bila ari ziren, lana bazegoen eta ugari, ekonomia indartsu zebilen. Alta, oso urrunekoa ematen du horrek denak orain, beste garai batekoa, beste mende batekoa edo.
Gure lehentasunak aldatu egin dira orain. Bat batean konturatu gara zer den garrantzitsua, bizitza bera, gurea eta hurkoarena. Gauza hutsalentzako ez dago tokirik. Iraganak berak pisua galdu du, papurtu egin dela ematen du. Orain etorkizuna dugu buruan.
Izan ere, etxean geratuta etorkizuna ari gara lantzen. Etxetik hasten da iraultza. Gauzarik txikienetatik. Elkartasun ariketa erraldoi bat ari da gara egiten. Planeta betekoa. Osasun arloko langileak daude hor lehen lerroan baina gutariko bakoitzak etxean geratzearekin soilik asko egiten du. Bestearekin ari gara pentsatzen azkenean, gauza azalekoak alde batera utzita.
Beharbada, bizitzen ari garena ez da distopia bat, beharbada gehiago du honek utopiatik, behingoz denok batera ari bait gara pentsatzen etorkizun hobe batean.