esan
JOSKERA. Esan aditzak -(e)la menderagailuarekin eratzen du normalean perpaus osagarria: Etorriko dela esan zuen.
Baina aditz ez-jokatuekin ere osatzen ditu perpaus osagarriak, ZER galderari erantzunez:
-tzeko esan (= ‘agindua, eskaria’ aditzera emanez):
Bost liburu ekartzeko esan behar diozu.
-tzea esan (= ‘adiera, esanahia, aditzera ematea, izena ematea’ adieraziz):
Prozesu horri datuak berreskuratzea esaten zaio. (→ agindu)
KALKOA: *bakarrik esan...
Esan aditza laguntzailerik gabe erabiltzen da batzuetan (egia esan, egia esanda, egia esanik, egia esateko, egia esatearren...) eta, behar bezala erabilita, esamolde egoki-egokiak dira horiek.
Bada, ordea, baztertu beharreko molde kalkatu bat:
*Amaitzeko, bakarrik esan, hamabost egun daudela errekurtsoa aurkezteko.
Amaitzeko, bakarrik esan nahi dut hamabost egun daudela errekurtsoa aurkezteko.
*Lehenik(,) esan, joera hau berri samarra dela. Bigarrenik, esan, ez duela heldulekurik euskaraz. Amaitzeko esan, gaztelaniaz ere txartzat joa dela.
Molde horretako esaldietan, aditzek (bai esan aditzak, bai haren gisako aditz adierazpeneko (deklaratibo) deituek —adierazi, komentatu, gogoratu, gehitu, baieztatu, aditzera eman, azpimarratu, berretsi, jakinarazi, aitortu, erantzun, zehaztu...— modu jokatuan joan beharra daukate: esan dezagun, esan nahi nuke, esan beharra dago, esan dezadan, gogora dezagun...
Joan den mendean, telefonoek leku propio bat izaten zuten etxeetan. Geurean, egongelako bazter baten zegoen mahaitxoa zen leku hura. Kablearen kiribilak maiz apurtzen genituen, telefonoa mugitzerik ez zegoenez, zerri-buztana tenkatuz ateratzen baikinen korridorera intimitatearen bila.
Telefonoa jartzeko mahai horretan, aitona-amonen argazkia zegoen. Kolore okreek aspaldikoa zela salatzen zuten, erretratuak egitea lanbide bat zen garaikoa, hain justu. Aitona zutik, amona bere ondoan jesarrita eta eskuak magalean, keinu lehorrez, serio demonio.
Etxekoek asko maite zuten argazki hori, baina ni ikaratu egiten ninduen. Joandako garai bateko lekukoa zela esaten zuen amak, argazki alaiago bat jartzea eskatzen nuen bakoitzean. Argazkiak hantxe jarraitzen du, egongelako izkinan, orain wifiaren aparatuari eusten dion mahaitxoan.
(…) MySpace sare sozialak bere zerbitzarietan zituen 50 milioi abesti eta argazki galdu egin dituela iragarri du enpresak, ohar batez: egun batetik bestera, desagertu dira. Kitto. 2003 eta 2015 artean erabiltzaileok bertara igotakoak ziren guztiak. Bestela esanda, sare sozialak biltegiratzen zituen, baina ez ziren bereak, stricto sensu. (…)
(…) Telefonorik ez dago jadanik egongelako mahaitxoan, baina irudiak eutsi egin dio. Aitonaren bekozko iluna eta amonaren duintasunak garai bateko argazkia osatzen laguntzen didate. Ez dakit ondorengoek nora begiratuta jakingo duten oraingo berri.
Pilar Kaltzada. Berria
Osorik irakurri, hemen
Txiste ezaguna egingo zaizue batzuei: adin handira itxura eta osasun onarekin iritsi den bati galdetu diote: «Nola egin duzu, dituzun urteak edukita, hain ondo egoteko?». «Inorekin ez diskutitzeagatik izango da», erantzun du, apal, zaharrak. «Ez da horregatik izango!». «Ez, ez da izango».
(…) Hasteko, funtsezko ideietan kontrako amorratuak bazarete, alferrik ariko zara argudiorik burutsuenak asmatzen: sekula ez duzu aurkaria konbentzituko, eta are okerrago, ulertu ere ez zaitu egingo (edo zuk bera), oinarri desberdinetatik abiatzen zaretelako, partekatutako esperientziarik eta koderik ere ez daukazuelako (hori gertatu ohi da, oso maiz, erdaldunekin euskarari buruz aritzen garenean).
Jarraitzeko, ez hasi liskarrean fanatiko burubero batekin: munduko arrazoi guztia bazenu ere, adibideak bata bestearen atzetik eskaini arren, sekula ez du amore emango eta bereari eutsiko dio beti, temati. Antzeko zerbait esan liteke eztabaidakidea pertsona maltzur eta gaiztoa denean: hark ez du zure burubideak entzuteko interesik, haiek desitxuratzeko ez bada; eztabaidan jarduteko modu bakarra zu ere bera bezain alua eta makurra bihurtzea da, baina hori al zen benetan nahi zenuena?
Aurreko zerrenda osatzeko, ergel batekin eztabaidatzea benetan ariketa nekagarria da, zuk argudio argiak garatu arren, berak ilunpe lauso batean baitauka bere garuna, eta ezin ikusi zuk esan nahi diozuna. Ez du harrapatzen ironiarik, ez esanahi bikoitzik, eta haren gainetik gailenduko bazina ere, nobleziarik gabeko garaipena izango litzateke, ezer irakatsiko ez dizuna. Zu baino askoz azkarrago den batekin ere, hobe ez sartzea, kontrako arrazoiengatik. Egoskor setati batekin eztabaidatzea ere gogaikarria izaten da, zure arrazoiketari erreparatu gabe bereari bakarrik begiratzen baitio, nahi ezta ere.
Esandako guztiak esanda, eztabaida mamitsua eta aberasgarria izango bada, zure oinarri kultural bertsuak konpartitu behar ditu lehiakideak, eta funtsezko auzietan iritzia konpartitu; ez du izan behar fanatikoa, ezta ere asmo gaiztoko gizatxarra; hobe da inteligentzia eta kultura maila aldetik zure paretsu baldin badabil, eta horrez gain etorkorra izan behar du, besteak arrazoia baldin badu eman egingo diona. Noski, alferrik da besteari baldintza hauek guztiak eskatzea, zuk zeuk betetzen ez badituzu.
Eta, pentsatzen jarrita, biak holakoak baldin bazarete, zertan hasiko zarete eztabaidan? Ez al duzue hobe elkarrekin zerbeza bat hartzea, bizitzako gauza ederrez solastatzen zareten bitartean?
Horrela, gainera, errazago iritsiko zarete zahartzarora osasun betean.
Xabier Mendiguren Elizegi – Berria (moldatua)
Zer dago soberan euskal literaturan? Ba al dago postureorik?
Jon Gotzonen galdeketan, hainbat galdera konprometitu erantzun ditu Katixa Agirre idazleak. Amatasunaz, itzulpengintzaz, euskal literaturaz eta Bilbo zein Gastieizi buruz aritu da.