Marratxoaren erabilera kasu-marken aurretik
Euskaltzaindiak arautu gabeko gaia da. Hala ere, badira gizartean errotuz joan diren zenbait ohitura:
1. Ez da marratxorik erabiltzen:
• sigletan: ETBko; AEBra (→ siglak)
• laburduretan: *jn.-ri, *and-ri, *iz.-ren (jaunari, andreari, izenaren) (→ laburdurak)
• euskarazko izenetan (eta euskarara moldatutakoetan): *Asteasu-ra (Asteasura); *Zarautz-etik (Zarauztik, Zarautzetik); *Mikel-i (Mikeli); *Amaiur-en (Amaiurren); *Andaluzia-ra (Andaluziara); *Zipre-tik (Zipretik)
• zifretan: *urtarrilaren 2-tik 5-era (2tik 5era) (→ data nola eman); *% 10-eko beherapena (% 10eko) (→ ehuneko (%)); *arratsaldeko 18:00-etan (18:00etan) (→ orduak nola esan)
2. Marratxoa jarri beharrekoa da:
• sinboloetan: 50 kg-ko; 5 €-an (→ sinboloak (nazioartekoak))
• helbide elektronikoak eta web-orriak ematean (→ @)
3. Aukerakoa da beste zenbaitetan:
Oharra: Hala ere, estilo-liburu askok eta baita Euskaltzaindiak ere [184. araua] marratxoa bigarren mailako aukeratzat hartzen dute —«erabilgarri eta lagungarria da izena ezezaguna denean edo lehen aldiz aurkezten denean»—; lehen aukeran, lotuta.
• erdal hitz eta izenetan: Appleren/Apple-ren; Shakespeareren/Shakespeare-ren; Lafitteren/Lafitte-ren; croissanta jan / croissant-a jan; chantillyarekin atondu / chantilly-arekin atondu; zappinga egin / zapping-a egin... (→ erdal hitzen deklinabidea; → -ing (ingelesezko hitz berriak); → h letra (hatxe); → z letra (zeta); → latinezko esapideak nola)
Oharra: -r letraz amaitutako izenekin sarri sortzen da zalantza. Horiek ere beste edozein izen bezala hartzea da koherenteena: Pasteurrek/Pasteur-ek, Letelierrek/Leterrier-ek...; alegia, euskaraz egiten dugun moduan: Aitorrek, Igorrek...
• leku-izen edo pertsona-izen ez diren artikuluz amaitutako izen berezi batzuetan (izena eta izana bat ez datozenetan): Osasunan/Osasuna-n jokatzen du. Toki Ona(-)n bazkaldu du. (→ izen bereziak: adierazpen izendatzaileen deklinabidea (leku-izen edo pertsona-izen ez diren izen bereziak))
• inoiz, euskal izen berezi gutxi batzuetan, haiek nahasgarri gerta ez daitezen: Jonek esan du (Jon?/Jone?)
• letra etzana, lodia edo komatxoak erabiltzean: Geron ageri da hori / Gero-n ageri da hori. Izenordainen artean, elkarek (elkar-ek) ere arazo bera du. (→ letra etzana noiz)
• inoiz, kasu-marka lotzeak hitzaren ezagutza zaildu dezakeenean: Battzat (bat-tzat) hartuko dugu arazo hori. (→ -tzat kasua).
Artikulua
Ikerlari batzuek honako ondorioetara iritsi dira gaur egun sare sozialetan mugitzen diren mezuei buruz:
Berrien arrakasta baldintza hauen araberakoa da: irakurlearengan sortzen duten intentsitate eta emozio-moten araberakoa.
Badaude emozioak –positiboak edo negatiboak– partekatzera bultzatzen dutenak. Ikerketak dio ideala artikulu zorionekoa dela, harrigarria, eta gure bizitzaren ikuspuntua aldatzeko gai dena. Artikulu tristeak ez ditugu oro har bidaltzen, ez baitugu nahi besteek gugan ikustea mezulari tristea; izan ere tristeak depresiora eramaten du, ez akziora. Baina amorrua, haserrea edo harridura negatiboa sortarazten duten idatziek akziora bultzatzen dute.
Batek zerbait bidaltzen duenean edo partekatu nahi duenean, hartzailea du jomugan, baina, aldi berean, berari buruzko mezua zabaltzen ari da. Besteak beste, ikerketak dio jendeak nahiago dituela artikulu baikorrak, motibatzen dutenak eta harrigarriak. Emakumezkoek idatziak baldin badira, are hobeto.
Saiatuko gara gauza txiki batekin. Honako hau idatzi zuen Stephen Hawkingek:
“Begira ezazue izarretara eta ez zuen oinetara. Saia zaitezte zentzua bilatzen ikusten duzuenari, eta galde iezaiozue zeuen buruari ea zergatik existitzen den unibertsoa. Izan zaitezte kuriosoak. Eta, bizitza oso zaila iruditzen bazaizue ere, beti izango duzue zerbait egiteko, arrakasta lortzera eramango zaituen zerbait. Ez etsi, hori baita garrantzitsuena”.