Banatzaileak
Zenbatzaile kardinalei –NA atzizkia erantsiz lortzen dira.
ZENBANA? Galderari erantzuten diote:
BaNA, biNA…, bosNA…, hamarNA…, hamabosNA…, ehuNA…, mila baNA…
BosNA karamelu eman dizkiegu *BosTNA karamelu eman dizkiegu
Ez ditugu erabiliko: *baTNA, bosTNA, milaNA, bost milioiNA; eta bai: baNA, bosNA, mila baNA, bosNA milioi
BANA: aditza singularrean erabiliko dugu.
*Jonek eta Anek liburu baNA erosi DITUZTE. Jonek eta Anek liburu baNA erosi DUTE.
Mila, milioi eta antzeko hitzei –NA eransten diegunean, atzizkia aurreko zenbatzaileari erantsiko diogu.
*Hamar milaNA pezeta dauzkagu. HamarNA mila pezeta dauzkagu.
*MilaNA pezeta eman dizkigu. Mila baNA pezeta eman dizkigu.
*Bost milioiNA eman dizkigute. BosNA milioi eman dizkigute.
*Ehun milaNA pezeta dauzkagu. EhuNA mila pezeta dauzkagu.
Artikulua
Aitona-amonen erantzule automatikoa
Egunen batean neurtuko da (neurtuko ahal da!) zelakoa den gure gurasoen ekarpena seme-alabon aurrerapen sozialean eta, are, emakumearen aitzinamenduan gizartean. Bitartean, hona hemen txiste bat, posta elektronikoan jasoa, eta zerikusia duena gai horrekin.
—Kaixo!
—Une honetan ez gaude etxean, baina, mesedez, utzi mezua seinalea entzun ondoren.
Piiiiiiii… entzuten da.
—Gure seme-alabaren bat baldin bazara, sakatu 1
—Behar baldin baduzu gu geratzea haurrekin, sakatu 2
—Behar baduzu gure autoa, sakatu 3
—Behar baduzu guk garbitzea eta plantxatzea zure arropa, sakatu 4
—Nahi baduzu haurrek gurean lo egitea, sakatu 5
—Nahi baduzu gu joatea haien bila eskolara, sakatu 6
—Behar baduzu bazkaria prestatzea iganderako, sakatu 7
—Nahi baduzu gaur gurera etorri bazkaltzera, sakatu 8
—Behar baduzu dirua, sakatu 9
—Gure lagunetako bat baldin bazara, “hasi hitz egiten lasai”
Joxe Aranzabal
Gontzal Mendibil eta Maddalen Arzallus