BEGIRATU DUT / BEGIRATU DIOT
BEGIRATU aditzak bi erabilera dauzka:
1. NOR-NORK motako aditz laguntzailea hartzen badu, "zaindu, jagon" esan nahi du.
2. NOR-NORI-NORK motako laguntzailea hartzen badu, ordea, "ikusi" ("so egin") aditzaren parekoa da. Beraz, "begiratu dizut" eta "begiratu zaitut" biak ondo egon daitezke, baina esanahi desberdinekoak dira.
Hemen, BEGIRATU aditzak “SO EGIN” esan nahi duen kasua hartu dugu kontuan. Beraz, ez ahaztu: kasu horretan NOR-NORI-NORK aditz laguntzaileaz baliatzen da.
*Futbolariak lurretik haserre begiratzen zuen epailea.
Futbolariak lurretik haserre begiratzen zion epaileari.
*Ikaslea aurpegira begiratu behar duzu, ea ulertu duen edo ez jakiteko.
Ikasleari aurpegira begiratu behar diozu, ea ulertu duen edo ez jakiteko.
*Mirespenez begiratzen zaitu horko gazte horrek.
Mirespenez begiratzen dizu horko gazte horrek.
*Mutilak maitemindu-aurpegiarekin begiratzen zuen bere andregaia
Mutilak maitemindu-aurpegiarekin begiratzen zion bere andregaiari.
HEMEN daukazue ariketa gehiago
ARTIKULUA
Entzun duzue kukua? Joan den larunbatetik hasi eta hamabost eguneko tartean kukuak ez badu jotzen…
Kukua udaberriaren sinbolo da euskararen herrian. Antzinako euskaldunentzat kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negu gorria garaitu zutela eta uda etorri zela. Izan ere, antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro besterik ez zituen, uda eta negua. Afrikako hegoaldetik guregana etortzeko 9.000 kilometro gauez eta bakarrik egiten dituen txoria udaberriaren iragarle dugu, etengabe sorberritzen den bizitzaren sinbolo.
Gure aurrekoen ustez, Ama Birjina Martxoko egunetik (martxoaren 25etik) hasi eta hamabost eguneko tartean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, natura zoratzearen seinale, ez baitzetorren udaberririk. Baina munduaren akaberatik ihes egiteko modurik bazegoen: herriaren usteak zioenez, Andra Mari Martxoko egunetik hasi eta ondorengo hamabost egunetan kukua ageri ez bazen, bederatzi idi pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar omen zen Erromako zubira.
Patxi Saez Beloki