ERDAL FORMULAK EUSKARAZ
Administrazioko hizkerak gogoko dituen formulek eta esapideek esaldi normalak ezkutatzen dituzte, nominalizazioen azpian. Formula horiek puztu eta luzatu egiten dute idazkia. Oro har ez dira beharrezkoak, eta ezinbestekoak badira, saiatuko gara euskaraz janzten. Hona hemen gehien erabiltzen direnak:
A causa de… -(r)en kausaz
La bolsa ha bajado a causa del incremento del precio del petróleo.
Burtsak behera egin du, petrolioaren prezioaren igoeraren kausaz.
Burtsak behera egin du, petrolioaren prezioak gora egin duelako.
Petrolioaren prezioak gora egin duenez, burtsak behera egin du.
Petrolioaren prezioak gora egin du; horregatik / horren eraginez egin du behera burtsak.
A condicion de…(r)en baldintzapean
Se podrán conceder ayudas a condición de presentar las solicitudes antes del 31 de diciembre.
Diru-laguntzak eman ahalko dira, eskaerak abenduaren 31 baino lehen aurkeztearen baldintzapean.
Diru-laguntzak eman ahalko dira, baldin eta eskaerak abenduaren 31 baino lehen aurkezten badira.
Diru-laguntzak emateko / emango balira, abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira.
A consecuencia de…(r)en ondorioz
A consecuencia de las renuncias presentadas, se ha modificado la lista de aspirantes.
Aurkeztutako ukoen ondorioz, aldatu egin da izangaien zerrenda.
Batek baino gehiagok uko egin duelako, aldatu egin da izangaien zerrenda.
ARTIKULUA
Bergarako amodiozko gutunen lehiaketa
Bergarako amodiozko gutunen lehiaketako sari banaketan izan naiz gaur. Patxi Zubizarreta idazlea izan da irabazle. Eta nolako irabazlea, gainera!
Eszenatokira igo da, zakutxo berde bat eta karpetatxo bat eskuan hartuta. Eskerrak eman dizkio lehenik jende guztiari, eta hizketan hasi da ondoren.
Zakutxo berdea hartu du eskuartean, eta ireki egin du.
Antzina, gutunak idatzi beharrean, gauzak esateko objektuak erabiltzen zirela esan, eta zakutxotik giltza bat atera du:
"Giltza bat oparitzeak baten bihotza irekitzeko giltza irudikatzen du".
Azukre koxkor bat gero: "gozoa zara".
Intxaur bat: "nire barnean zaitut".
Maskor bat: "Bergaran edo Gasteizen egon arren, itsasoaren alboan sentiarazten nauzu".
Masusta gorri bat: "gorritu egiten nauzu".
Luma bat azkenik: "hegan eginarazten didazu".
"Horixe baita gutunen helburua, ezta? Norbait hegan eramatea, nahi duzun lekuraino. Hemen doa nirea" .
Gutuna irakurtzen hasi da, biolinen soinuaren harmoniari jarraituz. Artista hutsa, bai horixe!