Erlatibo ezezkoetako hitzen hurrenkera
Erlatibozko ezezko esaldietan, hitzen ordena desegokia erabiltzen da batzuetan: “etorri ez den laguna (= el amigo que no ha venido)” esan edo idatzi beharrean, zenbaitetan “ez den etorri laguna” bezalako esaldiak agertzen dira.
Hutsaren arrazoia da baiezko esaldietan harreman jakin bat dagoela oinarrizko esaldiaren eta haren erlatibozko formaren artean, eta gero erlazio hori bera egiten dela ezezkoetan ere. Hona adibide bat:
- “Gizona etorri da” / “etorri den gizona”.
- “Gizona ez da etorri” /* “ez den etorri gizona”.
Alabaina, ezezkoetan ordena apur bat aldatu behar da perpausa gramatikala izan dadin:
- “Gizona ez da etorri” / “etorri ez den gizona”.
Horretan “etorri” aditzaren kokagune erlatiboa, aditzarekiko, aldatu egiten da, baiezkoetan ez bezala.
*Ez zaidan gustatu gazta ez zait gastatu Gustatu ez zaidan gazta ez zait gastatu
*Ez duzun ezagutzen gizon bat ikusi duzu, ezta? Ezagutzen ez duzun gizon bat ikusi duzu, ezta?
*Ez dugun ikusi pelikulaz ezin dugu hitz egin. Ikusi ez dugun pelikulaz ezin dugu hitz egin.
*Ez nizun utzi pelikula izan zen azkenean politena. Utzi ez nizun pelikula izan zen azkenean politena.
Ariketak HEMEN:
Iritzia
Nola definitzen dugu KULTURA? Anjel Lertxundiren blogetik jasotako definizio bat irakurriko ditugu jarraian:
Anjel Lertxundik berak:
"Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu. Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko.
Munduan egoteko eta mundua pentsatzeko modua da kultura eta bada galderak egiteko eta erne egoteko eta bide berriak saiatzeko eta arriskuak prebenitzeko sistema bat ere."
Jose Luis Ansorenak, Larrun gehigarriaren ale batean:
‘Sexu harremanak noiz, nola eta norekin; jateko ohiturak; lagunartekoak; jaiak ospatzeko moduak; eguna partitzeko aukerak; lanari ekitekoak; arazoak konpontzeko usadioak; bizitzari eta heriotzari nola erantzun era kolektiboan; etxeak eta auzoak antolatzeko gisak; hizkuntzan gorderik dauden logika eta sikologia egiturak... Horixe eta gehiago da kultura. Gu, konturatu gabe ere, talde bihurtzen gaituen arau trinko eta isil ugarien egitura’.
Eta Patziku Perurenak Saski bete intxaur liburuan:
"Neretzako kulturaren adierazpiderik nabarmenena eta egiazkoena eguneroko bizimodua da. Zer sentitu duzu barrenetik gaur, zerk harritu zaitu gehien, zertaz ohartu zara koartoko leihoa zabaltzean, nori eman dizkiozu eskerrak, nola maitatu duzu jan duzuna, zertaz oroitu zara galtzerdiak erazterakoan, loak hartu aurretik, zer ez duzu utzi nahi izan biharko… Hor ikusten da norberaren kultura, eta, batez ere, egin gabe ezin utzi diren gauza antzu askotan."
PASARTEA
«Bainuontzia burgesa da» esan zidan lehengoan ezagun batek bainuontzia banuela esan ostean. Hain da proletarioa gure Euskal Herria. Nire bainuontzi arrunta burgesa da eta bere etxeko dutxa ultra moderno saunaduna ez; auskalo zer ote den bera. Harrigarriak gara. Solasaldiak aurrera jarraitu zuen; autoetaz berbetan hasi ginenean berriz ere «burges» deitu zidan erdeinuzko modu ulergaitzean. Autogorrotoa, berriro. Neure hamalau urteko kotxea burgesa da, ez, berriz, berak erosi berri duen California hornitu txatxia. Hori funtsezko beharrizana da (oinarrizko soldatarekin batera emango du Gobernuak maiatzaren 1etik gora). Ezagun honek nire soinekoak burgesak direla uste du; bere mendi-arropa garestia, baina, ez da burgesa; praktikoa da. Ondo jakina baita gure herri txit eder honen ehuneko handiena oihana dela, eta mendi arropa tekniko eta garestia ezinbestekoa dela handik eta hemendik ibiltzeko.