EZINA ETA AHALA
POSIBLE DA / EZ DA POSIBLE
Ezin daiteke esan euskaraz erabili ez denik, baina erderakadatzat hartzen dute belarri askok. Beraz, ahal den neurrian ez erabiltzea aholkatzen diegu gure kazetariei.
· *Izena ematea POSIBLE duzue oraindik. Izena emateko garaiz zaudete oraindik.
· * EZ DA POSIBLE gauzak gehiago okertzea. Gauzak ezin dira / daitezke gehiago okertu.
GAI IZAN / GAUZA IZAN
Gauza bat egiteko ahalmena izatea, balio izatea, gertu egotea adierazten dute berez, baina aspaldi honetan ezlekuan agertzen hasi dira:
· * Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxatzeko GAUZA da eta.
· Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxa(tu) ditzake eta.
· Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxatzen ditu eta.
· *Elur jausiak ikusita, argi dago mendiak zertarako GAI diren bizkarra ematen diegunean.
· Elur jausiak ikusita, argi dago mendiek zenbaterainoko kaltea egin dezaketen... / zein arriskutsuak izan daitezkeen...
Tradizioan gehiago erabili izan dira honelako esaldietan:
· Txondorra GAI DAGOENEAN (prest dagoenean) gainerakoa egingo dugu.
· Istripua izan zuenetik EZ DA ITSASORAKO GAUZA (ezin daiteke itsasoratu).
· Txori asko EZ DIRA GAUZA kaioletarako (ez dute balio).
EITBko hizkuntza irizpideak
Artikulua
Aniztasuna
Kanadako Kongresuko free tourra egiteko eman dut izena, goizeko 12:20rako. Iritsi, eta aireportukoen gisako kontrol bat pasatu behar izan dut: gerrikoa, mugikorra, hustu poltsikoak, pasatu metalen detektorea. Urduri jartzen naiz pasatzen naizen bakoitzean, norbaitek konturatu gabe atzeko poltsikoan pistola bat sartuko ote didan beldurrez-edo. Nik zer dakit. Utzi didate pasatzen, nire bi motxilak eta eskale itxura ematen didan bigarren eskuko txamarra handiegia gorabehera, eta iritsi naiz areto handi batera, sofa erosoz betetako itxaron-gela bat duena izkina batean. Bideo bat dago jarrita paretetako batean. “Kanadako Kongresuko jende azpimarragarria”, edo halako zerbait. Hasi da bideoa, eta gizon heldu zuriak hasi dira agertzen; “Very Honorable” hau eta “Honorable” bestea. Ez dakit zeren araberakoa den “very” hori. Eta, orduan, agertu da Kongresuko lehen gizon beltza. Ados, garrantzitsua. Lehen emakumea. Garrantzitsua, noski. Lehen inuita, lehen indiar-kanadiarra, lehen txinatar-kanadiarra. Puntu batetik aurrera, jende garrantzitsuaren aurkezpena baino, hasi zait iruditzen Kongresuan sekula egon den “aniztasun” guztiaren katalogo bat. Azken aldian, sareetan-eta, (inklusiboak izaten saiatzen direnean bezala, eta bukatzen dutenean diseinatzen zakildun emakume* lodi herren asexual txinatar-afrikarra. Gutxiago erakutsi eta gehiago egiten hasi, lagunok. Jarraitzen du aurkezpenak: lehenengo pertsona itsua. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen gizona. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakumea. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakume beltza. Begira ze aurrerakoiak garen! Emakume beltz lesbiana bat izan genuen Kongresuan! Aurkezpeneko azken pertsonak zenbat ezaugarri “azpimarragarri” zituen aipatu ere ez dut egingo.
Hasi da bisita gidatua: interesgarria iruditu zait, eraikina ere oso polita. Bukatu denean, Kanadako Lehen Ministro izandako guztien erretratuak ikusgai dauden lekura eraman gaituzte, galeria luze batera. Ezetz asmatu zein itxura zuten erretratatuen ehuneko laurogeita hamabostek.
PASARTEA
Laura Esquivelek, Como agua para chocolate nobelan, biziki gomendatzen digu barnera begiratzea. Haren esanetan, pertsona bakoitzak pospolo kaxa bat dauka bere baitan, eta pospolo horiek piztuko badira, nork bere pizgarriak bilatu behar ditu: konpainia atsegin bat, afari goxo bat, laztan bat, fantasia bat, poema bat… Baina pospolo horiek noiz edo noiz piztu ezean, kaxa umeldu egingo zaigu eta ezin, bada, pospoloak berriro piztu, ezin arima janaritu.