Etxeko lanak / Etxerako lanak agindu edo eman
Galdera
Behin lagun batek esan zidan ez dugula ondo erabiltzen “etxeko lanak” esamoldea, ikasleen “deberes” hitza adierazteko. Etxeko lanak etxea garbitzea, harrikoa egitea, xurgagailua pasatzea, eta abar omen dira. Etxerako lanak, berriz, guk ikasleei *bidaltzen dizkiegun zereginak omen dira. Hala al da? Nik “etxeko lanak bidaltzen dizkiet”.
Erantzuna
Etxeko lanak eta etxerako lanak bereizketa egiten duen hiztunak gerta litekeen anbiguotasun bat saihesten du. Pertsona horrentzat “etxeko lanak” otorduak prestatzea, etxeko garbitasuna egitea, arropa lisatzea eta abar dira; “etxerako lanak”, berriz, eskolan agindutako lanak dira.
Halere, zenbait hiztegitan kontsultatuta, argi ikusten da “etxeko lanak” ere zuzena dela eskolan agindutako lanak adierazteko. Ikusi zenbait hiztegitako sarrerak:
HIZTEGI BATUA
ELHUYAR
2 s.m. (usualmente pl.) etxeko lan
en la escuela les ponen muchos deberes: eskolan etxeko lan asko ematen diete
HEZKUNTZAKO HIZTEGIA
Gaia: Hezkuntza
eus – etxeko lanak
cas – deberes (tareas)
Gaia: Hezkuntza sistemaren ebaluazioa
eus – eskolako lan
cas – tarea escolar
Hezkuntzako Hiztegi honetan datorrena aitzakia polita da gaian aurrera egiteko: “etxeko lanak” eta “eskolako lan”. Egia esateko, biak dira zuzenak eta biak erreferente bera izendatzeko. Baina esango genuke euskaldun askok biak erabiltzen dituztela, eta desberdin erabili ere. Irakasleok “etxeko lanak” agintzen dizkiegu ikasleei, eta ikasleek, etxean “eskolako lanak” egiten dituzte; gurasoek seme-alabei galdetzen diete ea “eskolako lanik” ekarri duten eta abar.
ELHUYAR hiztegian tarea kontsultatuta, hau dator:
es > eu
1 s.f. lan, zeregin, egiteko, ataza, eginkizun
me queda mucha tarea por hacer: oraindik lan asko dut egiteko
es una tarea poco grata para mí: niretzat ez da zeregin atsegina
tareas escolares: eskolako lanak (etxerako lanak)
Beraz, atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.
Bukatzeko, gai honi lotuta, beste kontu bat aipatu nahi dugu: “etxeko lanak” edo “etxerako lanak”* bidali egiten ditugu? Ez dut uste hau oso zuzena denik. Gaztelaniaren eraginez egiten dugun kalkoa da, dudarik gabe. Nola bidaltzen dizkiegu: posta arruntez, posta elektronikoz, mezulari baten bidez, kamioi batean…? Ez dizkiegu bidaltzen, ezta? Euskaraz, agindu edo eman egin behar dizkiegu, bidali aditzak ez baitu adiera hori:
https://eibz.educacion.navarra.es/blogak/kontsultak/etxeko-lanak-etxerako-lanak-agindu-edo-eman/
Artikulua
Ez da gauza bera buru gaixotasuna izan eta osasun profesionalek norberaren jatorrizko hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan egitea.
Euskaldunok bezala pairatzen dituzte horrelako egoerak gales hiztunek.
Dementzia daukaten hiztunak
Zer gertatzen da arazo psikologiko eta psikiatrikoak dituzten gaixoekin? Hizkuntza erreminta berebizikoa da haien gaitzen diagnostikoak egiteko eta gero artatzeko. Alabaina, zein garrantzi ematen zaio osasungintzan?
Edwin Humphrey psikiatriako erizainak ezagutu ditu dementzia testen bidez diagnosia ondo egin ez zaien gaixoak. “Duela gutxi emakume bati dementzia testa egin dio mediku batek ingelesez eta horren ondorioz egin duten diagnosia kaskarra izan da. Dementzia aurreratua duela ondorioztatu dute. Gaixo horrekin hizketan aritu naiz eta konturatu naiz diagnosiak dioena baino hobeto dagoela. Berriz egin diogu testa, oraingoan galesez, eta emaitza hobea eman du”. Humphrey psikiatriako erizainaz gain, musikaria ere bada. Konturatu da ingelesez abesten duten kantarien musika jarritakoan gutxiago erreakzionatzen dutela gales hiztunek: “Aldiz, galesezko kantak jarritakoan segituan aurpegia pizten zaie”.
Glenda Robertsek dementzia dauka. Berak dio konturatu dela ingelesez, bere bigarren hizkuntzan, gero eta kaskarrago hitz egiten duela: “Jatorrizko hizkuntzara itzultzen ari naiz”.
Argazkia