ERRATZEZ / ERRATZAREKIN
Bi galdera hauek ongi daude?
Bertan igaroten du urtea lasai asko, etxeko bazter guztiak erratzarEKIN garbitzen dituelarik.
Bertan igarotzen du urtea lasai asko, etxeko bazter guztiak
erratzEZ garbitzen dituelarik.
Biak dira zuzenak.
Hona Euskal estilo libururantz liburuaren 142. orrialdean agertzen den pasartea:
“-ekin eta –z, hurrenez hurren kasu marka soziatiboa eta instrumentala dira eta, bada nahikoa nahasmen bi horien ahozko eta idatzizko erabileran. Azken bi urteotan, batasunaren izenean, -z instrumentalaren erabilera bultzatu dugu, batzuetan egitura okerrak ere sortuz. Gramatika Batzordearen iritziz, ordea, -z eta –kin parekoak dira zenbaitetan, biak zuzenak eta onargarri:
a) Aizkorarekin moztu zioten burua Maria Antonietari.
b) Aizkoraz moztu zioten buru.”
ARTIKULUA
Etzidamu
Euskarak hitz eder-ederrak dituenik ezin uka. Etzidamu da nire kuttunetako bat. Ez dut beste hizkuntzarik ezagutzen etziren ondorengo eguna adierazteko hitz bakarra daukanik. Etzi bera ere arraroa da, izatez: pasado mañana diogu gaztelaniaz, the day after tomorrow ingelesez, baina inoiz ez hitz bakarrarekin. Guk, aldiz, lau letra baino ez ditugu erabiltzen: etzi. Atzoren aurreko hereneguna ere aipagarria da, herensugeak sugetik bezala, heren bat bakarrik baitu egunetik herenegunek, gugandik urruntzen doan egun lauso horrek. Etzidamu, ordea, gaindiezina begitantzen zait, etzi baino haratago doalako, aurreikuspen edo planifikazio itzela eskatzen duen hitza izaki. Ez biharko eta ez etzirako, hiru egun barrurako hitz bat izateak berak gutxi esango balu euskaldunez, zera da zoragarriena, nola izendatzen dugun egun hori, etziri eransten zaion damu atzizki horren bitartez. Etzidamu. Ez al duzue zer edo zer ironikoa antzematen hitz honen baitan? Esan nahiko baligute bezala, “edozer egiten duzularik ere, baietz etzi damutu!”. Filosofia sarkastiko-erlatibistan bete-betean sartzen da etzidamu berba. Irakaspena? Alu samarra izan beharra dagoela hitz politak eta iraunkorrak asmatzeko.
Harkaitz Cano