ATZERAKARGA
Testuak argiagoak izan daitezen, horrela joka dezakegu; esaldia moztu eta aditza aurreratu:
Azterketariek Administraziora sartzeko egiten diren hautaketa prozesuetan autonomia erkidegoko edozein hizkuntza ofizial erabiltzeko aukera izango dute.
Azterketariek aukera izango dute autonomia erkidegoko edozein hizkuntza ofizial erabiltzeko, Administraziora sartzeko hautaketa prozesuetan.
ATZERAKARGA DA informazioaren zutabe nagusiak esaldiaren amaieran jartzea.Izan ere, uste zabaldua da euskaraz aditza esaldiaren azkenean kokatu behar dela. Esaldi laburretan ondo funtzionatzen du uste horrek, dirudienez, euskarak eskatu eta eskertu egiten duelako bide hori. Baina, uste horri itsu-mustuka jarraitzeak ulergarritasun-arazo franko ekar ditzake, batez ere esaldi luzeetan.
Izan ere, aditzak eta subjektuak biltzen dute esaldiaren informazio nagusia, eta, horregatik, atzerakarga dagoenean, oztopo itzelak sortzen dizkiogu hartzaileari, atzeratu egiten baitugu informazio nagusiaren pertzepzioa.
Hori ez da beti horrela izan, ordea, euskarazko prosagintzan. Izan ere, hainbat bide jorratu eta proposatu dira, aspalditik, argitasunaren mesederako:
· Esaldi laburragoak egitea, lokailuak erruz erabiltzea.
· Menpeko esaldiak iragartzeko zenbait lotura-partikula aurreratuta erabiltzea (baldin eta, baizik eta, harik eta…).
· Klasiko batzuek erabiltzen zituzten zein, ezen, non eta, zeren eta… (gaur egun, zaharkitu baino, anatema bihurtu diren arren).
Pasartea
Behartsu jaio garenok amets eta ilusio askoz ere geureagoak ditugu, eta horrek eraginda, bizitza beste ikuspegi batetik ikusi izan dugu (...)
Guk gazte denboran esan ohi genuen "etxe oneko" izate hori oso zalantzagarri egiten zait orain. Mundu honetan inongo arazorik gabe ezergatik borroka egin gabe bizitzea, leihorik gabeko treneko bagoi batean bidaia luze bat egitea bezalakoa da: mundua zein polita den eta zenbat gauza atsegin eskura eta ikasi daitekeen konturatu gabe joango da bidaiaria.
Imanol Lazkano "Aho bizarrik gabe"
Artikulua
(…) Behin lau mutiko ikusi nituen Gipuzkoako herri bateko tren geltokian. Horietako hiru arabieraz mintzatzen ziren haien artean. Bestearekin, espainieraz. Haren ahoskerari erreparatuta, dudarik ez: euskalduna zen. Erdaraz erantzuten zien. Hirurak haien hizkuntzaz mintzo ziren, normal-normal. Ondo. Orduan, non dago arazoa? Ume horiek hemen eskolatuak ziren. Erdaraz ederto egiten zuten. Euskaraz hitzik ez. Eta euskalduna erdarara eramaten zuten. Haien lehen hizkuntzaz egiten zuten modurik naturalenean. Euskaldunak, ordea, arazoak zituen bere herrian euskaraz egiteko. Euskaldunek besteen eskubideak errespetatu behar dituzte. Besteek euskaldunenak? Suedian ume horiek arabieraz hitz egingo lukete euren artean —edo espainieraz, portugesez...—. Baina besteekin suedieraz mintzatuko lirateke. Eta Katalunian katalanez. Hemen, ordea, espainieraz.
Gure egoerak ez du euskaraz normaltasunez hitz egitea ahalbidetzen. Beste herri batzuek harrotasun linguistikoa dute. Edo harrokeria. Munduko edozein lekutan baliatzen dira haien hizkuntzaz. Lehengoan bi gizon italiar izan nituen bidaide, autobusean. Aire girotua aktibatzen hasi ziren. «No funciona», esan nien. «Prego?». Donostiarako autobusean geunden, baina haiek Erroman, Piazza Barberini-n egongo balira bezala. Zergatik ez nien, bada, euskaraz egin? Azken batean, berdin die euskaraz edo erdaraz. Prego?(…)
Jose Mari Pastor
Berria