Erdal hitzen deklinabidea
Euskaraz tradizio idatzirik ez duten erdal hitz berri batzuk jatorriz idazten diren bezala idazten dira euskaraz ere, grafia aldatu gabe: bungalow, campus, chantilly, collage, curriculum, sandwich, whiski...; Calais, Glasgow, Google, Greenpeace, Shakespeare, Sarah, Sydney...
Horietako batzuek ez dute arazorik sortzen deklinatzeko, garbi baitago hitza, bai grafikoki, bai ahoskerari dagokionez, hala bokalez bukatua denean (harakiri, swahili, geisha, Zimbabwe...), nola kontsonantez bukatua denean (camping, croissant, western, Kiev...). Eta horrela deklinatuta erabiliko ditugu: harakiria egin; judoa daukat gero; karatean jardun/aritu; balleta dantzatu; campingik ez aurkitu ...
Beste erdal hitz askotan, ordea, hitzaren azken letra eta hitz horren fonema (hotsa) ez datoz bat. Halakoetan, zalantza sortzen da: Shakespeare? ala [xekspir]?, François? ala [franzua]?, croissant? ala [kruasan]?...; alegia, zer hartu behar da kontuan nola idazten diren ala nola ahoskatzen diren?
IDAZTEKO letra da oinarria, eta letra hartu behar da kontuan deklinatzeko. Alegia, euskal hitzak balira bezala hautatu behar da deklinabide-atzizkia, kontuan harturik zein den hitzaren azken letra, kontsonantea ala bokala.
(Shakespeare) Shakespeareren/Shakespeare-ren, Shakespearek/Shakespeare-k...
(Calais) Calaisen/Calais-en, Calaisek/Calais-ek...
(Google) Googleren/Google-ren, Googlek/Google-k...
(De Gaulle) De Gaulleren/De Gaulle-ren, De Gaullek/De Gaulle-k...
(Apple) Appleren/Apple-ren, Applek/Apple-k...
AHOSKATZEKO: Komeni da jatorrizkoan duten ahoskera kontuan hartuta ahoskatzea, idatziari itsu-itsuan lotu gabe.
(Shakespeare)[xekspirren], [xekspirrek]...
(Calais) [kaleren], [kalek]...
(Google) [gugelen], [gugelek]...
(Greenpeace) [grinpizen ], [grinpizek]...
MARRATXOAREKIN ALA MARRATXORIK GABE?. Erdal hitzaren eta deklinabide-atzizkiaren arteko marratxoaren erabilera aukerakoa da, estilo-irizpide hutsa, eta Euskaltzaindiak arautu gabekoa, bestalde. Ezin, beraz, zorrotz erabaki kontua. Hitza bera (edo toki edo pertsonaia) oso ezaguna ez denean marratxoaren erabilera argigarria izatea, ongi bereiztuz hitza bera eta deklinabide marka. Beste kasu batzuetan, ordea, astungarri gerta liteke marratxoa. Konbentzio hutsez jokatzen dute, hortaz, estilo-liburuek. Gehienek, erdal hitz ‘berri’aren lehen agerraldian, letra etzanez edo/eta marratxoz bereizten dute hura; gero, jadanik ‘ezagun’tzat harturik, letra etzana edo/eta marratxoa kenduta jarraitzen dute.
Artikulua
Beldurra
Mahaitik altxatu nintzenean, gaua oso ilun zegoen. Konturatu nintzen nola atera zen nire atzetik. Kotxerako bidean lata emateko izango zela pentsatu nuen. Izan ere, afaritan ez dakit zenbat aldiz egin zidan berarekin diskoteka batera joateko gonbidapena. Gurasoekin ibiltzeari utzi nionetik egin dizkit proposamenak bata bestearen atzetik; niri, eta herriko neska guztiei. Jatetxeko atea nire atzean nola ixten zen sumatu nuenean, beldurra sartu zitzaidala. Ez zegoen kalean inor, eta kotxea ez neukan bertan. Ez dakit zergatik, edo bai badakit, baina bereziki larritu nintzen. Sentitu egiten nuen nola ari zitzaidan bihotza azkartzen. Arnasa hartu nuen, eta hogei bat pauso emanak nituenean hartu zuen berak ere kanporako bidea. Ez nuen begiratu nahi, ez zedin betiko kontuekin hasi, eta, aldi berean, neure norabidea har
zezala nahi nuen.
Zortea izan nuen: aparkaleku berera abiatu ginen. Eta horrela, bizitza guztian akosatu nauen gizon batek beldurra arindu zidan. Eta horrela, esaten digute denak ez direla igualak; eta ez dira izango agian, baina batzuetan bortxatu edo jipoitzen ez gaituenarekin konformatzen gara. Hainbesteko biolentziara ohitu gara, ezen jasan behar ez genituen gauzak jasaten ditugun. Eta hori sintoma txarra da.