Ez da zuzena –ELA era honetan erabiltzea:
- *HAIN da ederra, denak liluratzen dituELA
Nahikoa da perpausak elkarren ondoan ematea:
- Hain ederra da, denak liluratzen ditu, edo
- Hain da ederra, denak liluratzen ditu, edo
- Denak liluratzen ditu, hain da ederra.
Horrela ere erabil dezakegu, bait- eta –(e)n erabilita:
- Hain da ederra, (non/ezen) denak liluratzen baititu.
- Hain da ederra, non/ezen denak liluratzen dituen.
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak
Hainbat hiztunek ondorio-perpausak –LA menperagailuaren bitartez eratzeko joera dauka. Euskarak hainbat baliabide dauzka ondorio-perpausak eratzeko, gisa horretako erderakadetara jo gabe.
Hona hemen zenbait adibide:
- Hain da lodia, ez deLA atetik sartzen.
- Hain da lodia, NON ez BAITa atetik sartzen.
- Hain da lodia, EZEN ez BAITa atetik sartzen.
- Ez da atetik sartzen, hain da lodia.
Jarraituko dugu Euskaltzaindiaren arauak errepasatzen:
Ariketa orokorrak (11):
PASARTEA
Homosexualitateari buruz aitak ezer gutti erran dit gaur artio. Lehen unetik ulertu zuen Madrilekoa. Bera izan zen, gainera, hori bulkatu zuena. Bertan lortzerik izanen nuela hirurehun biztanlera iristen ez den herri nekazarian lortu ezinezkoa. Bere espiritu librearen isla daramat nirekin. Ama negar batean, mutikoak gustuko nituela jakin zuen egun beretik hasi zen sufrikarioa etxean. Gehienez, hankak hautsiko nituen. Grunje musika. Maindire azpiko marrumak, isilaraziak. Laranja-zukua eta sandwich parea ekarriko zidan nire ondoan etzateko. Bata ez bazen, bertzea izango zen neurrigabeko bortizkeriaren arrazoiaren jomuga. Ez dakit, ttikitan niretzat sekretu handiena zena aipatu ote zion. Elizondon Barbie panpina bat ikusi, eskatu, eta naturaltasun osoz erosi zidaneko hura. Zer aurpegi jarriko zuen aitak. Zer erantzunen ote zion. Orain artio, panpinarekiko ezjakin izaten segitzen duen ez dut jakiterik izan. Logelan bakarrik nengoen uneetan baino ez nuen orrazten, leuntasun handienarekin zaintzen. Agudo, hala ere, aspertu ninduen eta kutxaren batean abandonatu nuen. Egun, ez dakit non egonen den. Nire sekreturik ezkutuena zen. Ttiki-ttikitatik bizitzak zenbat sekretu gordetzera behartu ninduen. Amak ez zidan galdera bat bera ere egin. Gure arteko sekretua izan da. Haietako bertze bat baino ez.
Larre motzetik
Hasier Larretxea (Klikatu eta ikusiko duzue Hasier Larretxeari buruzko Informazioa)
Iritzia
ETSIPENAZ
Gai deserosoa da etsipena. Pribatuan jende askok onartzen duen egoera psikologikoa da. Publikoki, ordea, etsipenak ospe txarra du; areago, estigmatizatuta dago. Jarrera positiboaren beharra une oro saltzen digute telebistan, enpresan, unibertsitatean, supermerkatuan edo liburu-dendan. Zoriontasunaren ideiaren inguruan badago industria ikaragarri indartsua, William Davies-ek The Happiness Industry” liburuan salatu duen bezala. Nik, ordea, nire inguruan gero eta jende gehiago ikusten dut haserre eta etsituta. Asko eta asko.
Izan ere, dugun panorama ez da preseski suziriak botatzeko modukoa (…)
Zer egin? Galdera metafisikoa. Nik gero eta gehiago pertsonei, lagunei begiratzen diet, haiengan topatzen dut sosegua. Arazoak, gertaera desatseginak, gatazkak etorriko dira. Kontua da, nire ustez, konponbideak asmatzen jakitea eta horien bila kemenez eta energiaz abiatzea. Hori jakinda, datorkigun kolpearen inpaktua ez da hain bortitza izango. Nassim Taleb enpirista eszeptikoak dio: “Festa guztietan hobe dugu mozkortuta ez dagoen bakarrari kasu egitea. Bestela, zoriontasunez blai dauden mozkorrek gidatuko gaituzte etxera”. Beraz, positiboak izan gaitezen, bai; baina ergelak ez, mesedez.
Txema Ramírez de la Piscina