KALKO OKERRAK: teoria eta adibideak (eta 3)
Hitz askok ordain bakarra eta parez parekoa dute hizkuntza batetik bestera. Beste batzuek, ordea, adiera bat baino gehiago dituzte. Hizkuntza batean adiera guztiak hitz batek hartzen dituen arren, bestean hitz bat baino gehiago erabili behar ditugu adiera guztiak azaltzeko. Adibide batzuk ikusiko ditugu:
Ospatu
*Bilera ospatu baino gutxienez hamabost egun lehenago egingo da deialdia.
Bilera egin baino gutxienez hamabost egun lehenago egingo da deialdia.
Papera jokatu
Erronka hau gizarte osoari dagokion arren, eskola eta gainontzeko hezkuntza-eragileek funtsezko *papera jokatu behar dute zeregin horretan.
Erronka hau gizarte osoari dagokion arren, eskola eta gainontzeko hezkuntza-eragileek funtsezko lana / eginkizun / betebeharra dute zeregin horretan.
Pertsonalki
Eskalatzaileak postetxean aurkeztu behar du* pertsonalki.
Eskaltzaileak berak aurkeztu behar du postetxean.
*Niri pertsonalki ez zaizkit gustatzen horrelako proiektuak.
Niri neuri / neroni ez zaizkit gustatzen horrelako proiektuak.
Ulertu
Ez badiete ziurtagiria ematen, *ulertuko dugu ukatu egin dietela.
Ez badiete ziurtagiria ematen, pentsatuko dugu ukatu egin dietela / ukatutzat joko dugu.
Zentzu horretan
*Zentzu horretan test bat da Europarentzat Ertamerikako krisia.
Hori horrela / horrela bada, test bat da Europarentzat Ertamerikako krisia.
Trebakuntzarako ariketa liburua; Iñaki Varona eta Karmele Oria
Iritzia
Idazle eta liburuzain gazteak (George Orwell izenarekin sinatzen ditu bere lanak) asko ikasi du bigarren eskuko liburudendetako erosleei –ez irakurleei– buruz. Booklover’s Corner da horietako liburudenda bat. Gehienek pentsatzen dute liburuak irakurtzea oso garestia dela, eta prezio altuei buruz kexatzen dira etengabe, uste baitute idazle bat izaki aparta dela, nobelak idazteaz gain lanik egin gabe bizi daitekeena. Bezero horietako askok liburudendako mailegu-zerbitzura jotzen dute, eta hortxe kokatzen ditu Eric Blairrek klasiko onenak; izan ere, gaztea da oraindik eta ez daki bi liburu-mota daudela: jendeak irakurtzen dituen liburuak eta jendeak irakurtzeko asmoa duen liburuak. Horregatik, inork ez ditu eskatzen uzteko liburu klasikorik, baina aldi berean literaturako lan klasiko handiak ondo saltzen dira. Izan ere, badaude liburu batzuk irakurtzekoak direnak eta beste batzuk euli-kanposantuak.