ze ba...? > Zer ba(da)?
Azalpenak eskatzeko erabiltzen den galde-esapidea da, beti bera bakarrik; ez du beste elementurik onartzen inguruan:
—Patxiku, ez (al) dakizu zer pasatzen den? —
Desegokia da zergatik edo gisako beste galde-hitz (zerta(ra)ko, zer dela eta...) baten egitekoan, bai galdera zuzenean, bai zehar-galderan, bai kausa adieraztean:
*—Ze ba egin duzu hori? (> —Zergatik egin duzu hori?).
*Ez dakit ze ba etorri den hain goiz (> Ez dakit zergatik etorri den hain goiz).
*Hori egin dut ze ba amak esan dit (> Hori egin dut (zeren) amak esan baitit/didalako).
*—Zergatik jo duzu? —Ze ba baloia kendu dit... ( > (...) baloia kendu didalako). (→ zergatik... -(e)n, zergatik ezen... -(e)n)
Pasartea
Txizagura
Zenbat kinka larritan ez ote zara egon zure bizitzan, zenbat larrialdi ez ote dituzu jasan maskuria hustu behar baitezpadako eta erabatekoa sentitu izan duzuenean eta komunik hurrean izan ez duzunean, zenbat aldiz ez ote duzu ikusi zeure burua trafikoan preso, konparazio batera, edo bi geltokiren artean mugitu ezinik geratutako metroko bagoi batean eserita, agonia betean zeure burua txizagurari eustera behartu beharrez.
Dilema unibertsal horren gainean ez du inork egundo hitz egiten, baina guztiak izan dira noiz edo noiz egoera horretan, eta nahiz eta ez den giza pairamenaren adibide komikoagorik maskuria lehertzekotan edukitzea baino, ohitura duzu horrelako gorabeherak direla eta barrerik ez egiteko harik eta zeure burua arindu arte… zeren eta, nork, hiru urterik gorakoa denik, nahiko luke frakak jendaurrean busti?
Horrexegatik, hain zuzen, ez zaizkizu inoiz ahaztuko hitz hauek, zure lagun bati aita hil-hurranak esandako azkenak: “Gogoratu, Charlie”, esan zion, “ez sekula alferrik galdu txiza egiteko aukerarik”. Eta holaxe iragaten da belaunalditik belaunaldira gizaldietako jakituria.
Neguko egunerokoa
Paul Auster (Oskar Aranak itzulia)