Orduak:
15:00etatik 16:00 arte ala 15:00etatik 16:00ak arte?
Euskaltzaindiaren 35. arauak honako hau dio horri buruz:
"Euskaltzaindiaren iritziz, egokia da orduak esateko eman diren gomendioak zenbakietan ere betetzea.
Hortaz,
- Orduei pluraleko kasu-marka ezarriko zaie:
15:00etan ; 15:00etara ; 15:00ak arte ; 15:00etatik
- Minutuei singularrekoa (behar denean lotura bokala erantsiz):
15:01ean ; 15:01era ; 15:01 arte ; 15:01etik ; 15:02an ; 15:02ra ;15:02tik...
Beraz, hitz egitean arratsaldeko hiruretatik laurak arte esaten dugunez, 15:00etatik 16:00ak arte idatzi behar da.
· Oharra: arratsaldeko hiruretatik laurak arte gomendatzen da irakurtzea hizkera arruntean, egunerokoan; horrexegatik idatzi dizugu horrela (eta ez hamabostetatik...) aurreko lerroan.
· Baduzu beste aukera bat: 15:00etatik 16:00etara idaztea, eta arratsaldeko hiruretatik lauretara esatea.
· http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0035.pdf
Iturria: http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/270
Pasartea
Denbora sobran al duzue?
…edo laburregia egiten zaizkizue egunak? Erosiko al zenituzkete ordu batzuk zuen gustuko gauzak egin ahal izateko?
Anjel Lertxundik denborari buruzko hausnarketa egin zuen Berrian.
Ordu-denda
Aspaldi zaharrean irakurri zuen Leteren lehen liburua, tituluan Orduen gurpilean esaten duena. Baina eskarmentuak irakatsi dionez, denbora faltaren gurpilean bizi da bera. Ez da iristen, laburregiak egiten zaizkio egunak eta gauak. Berari laguntzeko sortuak omen diren trepetek areago kateatzen dute, bere denboraren lapur balira bezala sentitzen ditu.
Ordulariari begiratu dio. Suspirio bat. Erloju dendak dauden bezala, ordu-dendak ere baleude; orduak erosterik balu, itota dabilenerako; erositako orduekin arintzerik baleuka iritsi ezin ia egunerokoa…
—E, aizu, bi ordu, bihar gauerako. Orduak iazko prezio berean segituko du, ezta? Ederki, jarri biak, mesedez…
Larrutik daki, ordea, denbora ezin dela aurreztu, ez dela biltegietan pilatzen den gaia, ezin dela pakete batean bildu opari bat egiteko. Hala ere, ordu-denden ametsetan bizi da. Horrek ere zenbat lotuko lukeen, ez zaio burutik pasatzen.
Printze txikiak erantzun polita eman dio gure gizarteko arazo horri:
–Egun on–esan zuen Printze txikiak.
–Egun on –erantzun zion dendariak.
Dendariak pilulak saltzen zituen, egarria asetzeko pilulak.
Astean bat hartuta ez duzu gehiago edateko beharrik sumatuko.
– Zergatik saltzen duzu hori? –galdetu zion Printze txikiak.
– Denbora asko aurrezten duzu – erantzun zion dendariak. Adituek kalkuluak egin dituzte: aste bakoitzeko berrogeita hamar minutu aurrezten dituzu.
–Eta zer egingo dut berrogeita hamar minutu horiekin?
–Nahi duzuna egin dezakezu…
“Nik, esan zuen Printze txikiak bere baitarako, berrogeita hamar minutu gastatzeko izanez gero, iturri baterantz ibiliko nintzateke, mantso-mantso…”