Nola idatzi behar dira “ez + adjektiboa” elkarketak: elkarri lotuta, marra bidez elkarri lotuta ala bereiz?
Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki horri buruz, baina Euskaltzaindiaren hiztegian adibide hauek agertzen zaizkigu, marra bidez elkarri lotuta:
· Zortzi herritan egin nituen zortzi misio, ez-laburrak.
· Afari ez-txarra eta ohe garbia.
· Esku ez-garbiekin.
· Huts bat handia eta kalte bat ez-txikia guretzat.
Euskalterm-en ere, marrarekin agertzen zaizkigu gisa honetako elkarketak:
· bokal ez-judizial
· froga ez-zilegi
· hondakin ez-organiko
Hala ere, loturik idazten dira ezilkor, ezatsegin, ezberdin, ezegoki, ezezagun, ezgai, ezgauza, ezohiko. (Salbuespenak dira.)
Ez dezagun pentsa gaztelaniazko “ez+adjektiboa” egiturak euskaraz “ez+adjektiboa” egitura erabiliz bakarrik moldatu behar direnik. Badira euskaraz bestelako egiturak ere:
· no creyente: fedegabe, sinesgabe
· no de ley: legez besteko
· accidente no laboral: lanekoa ez den istripua
· organización no gubernamental: gobernuz kanpoko erakundea
Artikulua
Pariseko kafetegi batean
Nobela bat idazten hastea, Pariseko kafetegi batean eseri eta ezagutzen ez duzun neskato batekin tonteatzea da. Horrelaxe dio behinik behin Amos Oz idazleak. Badu nobelagile israeldarrak liburu bitxi bat, eta liburu horretan gogoeta egiten du hasierei buruz, nobela eta ipuinetako hasierei buruz, esan nahi baita. Ozentzat hasierak berebiziko garrantzia du, liburua nolakoa halakoxea izango du hastapena. Pattal hasten bada, bukaera eskaxa izando du liburuak. Eta horren karietara literatura unibertsaleko hainbat hasiera aintzat hartu eta aztertzen ditu Ozek liburuan. Gehientsuenak eredugarri dira. Baina badira salbuspenak ere.
Dostoievski, esate baterako, ez zen oso fina liburuak hasten. Gutxika-gutxika hartzen dute indarra haren kontakizunek. Hala eta guztiz ere, salbuspenak salbuespen, Ozen iritzia da hasierak berak markatzen duela ondotik datorrena; izan ere, haren esanetan, nobela bat idazten hastea Pariseko kafetegi batean eseri eta ezagutzen ez duzun neskato batekin tonteatzea da.
Dena den, ahaztu egiten zaio Amos Ozi dena ez dagoela idazlearen esku. Hasierak hasiera, irakurleak duela beti azken hitza. Gauza bat da Pariseko kafetegi batean eseri eta neskato ezezagun batekin tonteatzen hastea, eta beste bat, neskato horrek jaramon egiten dizun ala ez. Neskatoa da irakurlea, eta irakurlea idazlea baino azkarragoa da beti.
Kirmen Uribe
Bideoa