Haizea dabil
Jakin badakigu mugitzen den airea dela haizea, nahiz eta zenbaitetan gaztelaniazko "aire" ere baden. Adibidez, "gurpilak haizatu egiten dira".
Baina, haizea aipatuz, bitxikeria bat hasteko: zenbat haize-mota aipatuko zenuke entzule horrek?
Aipatzen hasita, haize-mota ugari: hezea, lehorra, hotza, epela, beroa, errea, zakarra, gogorra, nahasia, ipar-haizea, hego-haizea, etab.
Haize-mota ugari, beraz; baina, gure gaurko oharra beste bat da: haizea beti "ibili" egiten dela, eta ez "egon".
Halaxe da. Inoiz *"kriston haizea dago!" entzungo dugu, gaztelaniazko "¡hace un viento!" horren eraginez...
Baina, esan bezala, haizea ez da sekula ere egonean egongo, eta, ondorioz, erabat baztertzekoa da *"haizea dago" esapidea. Haizea beti ibili dabil!
Hortaz, ez esan *"haizea dago", baizik eta "haizea dabil".
+ "Haizea dabil"
- *"Haizea dago"
PASARTEA
Thomas Mannen Mendi Magikoa nobelako eszena bat datorkit gogora: tisikoen gaixo-etxean norbait hiltzen zenean, morroiek tapakiekin biltzen zuten gorpua eta gauez ateratzen gaixoek ateratzen ez zuten ate ezkutu batetik, eta, elurra bazen, lera batean jaisten zuten menditik haraneraino, hantxe lur emateko. Gauaren erdian, gaixoek arnasari eusten zioten lera misteriotsua hobeto entzuteko. Goizean, gosaltzerakoan, nor falta ote zen hasten ziren haien begiak. Laster, ordea, beste gaixo batek hartzen zuen desagertuaren mahaiko lekua, eta gaixoek leraren hurrengo bidaiari buruzko kabalak egiten segitzen zuten, ahapeka eta gogo-ilun.
Zu
Anjel Lertxundi