HILEN EGUNAK
Zenbat ditu gaur maiatzak? Gaur, maiatzak 15 ditu.
Esapide horren egitura laburtua hilaren eguna zehazteko erabiltzen da:
Datorren ostegunean, hilak 23, oporrak hartuko ditut.
Datorren ostegunean (hilak 23 izango ditu egun horretan), oporrak hartuko ditut.
Gertaera bat denboran kokatzeko, horrela erabiliko dugu:
Oporrak maiatzaREN 23an hartuko ditut.
Oporrak *maiatzaK 23an hartuko ditut.
Alegia, NOIZ, NOIZTIK, NOIZ ARTE adierazteko, genitiboa erabiliko dugu (NOREN):
AbenduaREN 20tik ez dut ikusi. *AbenduaK 20tik ez dut ikusi.
EkainaREN 5era arte ez dut ikusiko. *EkainaK 5era arte ez dut ikusiko.
Denbora-tartea adierazteko ere, -REN erabiliko dugu:
Oporrak ekainaREN 23tik uztailaREN 15era arte hartuko ditut.
*Oporrak ekainaK 23tik uztailaK 15era arte hartuko ditut.
Bukatzeko, gogoratu:
- Letra xehez idazten dira hilen izenak: otsaila, martxoa *Otsaila, Martxoa
- Hilen izenek ez dute “a” itsatsirik:
MaiatzEAN bukatuko dira eskolak * MaiatzAN bukatuko dira eskolak
EHU Euskara Zerbitzua EHULKU
Artikulua
APUSTUAK
Euskaldunok apustuzale fama dugu. Humanismorik eskaseneko herriak izan ohi dira apustuzaleenak. Apustua eta sineskeria, esan nahi, superstizioa, erabat loturik baitaude. Herririk pobreenak eta aberatsenak izan ohi dira materialistenak, eta materialismoak zer ikusi zuzena dauka superstizioarekin. Jakintzara dedikatzen den jendea, nolabait esan superstizioak menperatzera dedikatzen da, bere buruaren jabeago eta libreago izateko, sorginkeria engainagarri guziei tripak ateratzen.
Konfuziok hala esaten omen zuen: “Etzazu apusturik egin sekulan. Irabazi behar duzula baldin badakizu, seinale tranposo hutsa zarela, eta ez baldin badakizu, berriz, tonto hutsa”. Horregatik: jakintzarik ederrena, gizonaren gogoa nobletzen duena izanen da beti; tranpa eta sineskeria salatu, eta gauzen eta ekintzen noblezia eta xalotasuna erakutsiko duena. Edukazio hori falta du gure herriak, ikasbide humanista hori, oraindik zuzenbidez Jito Herria deitu beharko genioken Euskal Herri apustuzale honek.
Saski bete intxaur liburutik jasoa. Patziku Perurena
Galder: 'Porrak beti egin izan ditut eta apustu txikiekin hasi nintzen'
Asteburuetako futbol partidetako emaitzei buruzko apustu txikiak egiten hasi zen Galder Govilla makinetan. Poliki poliki, kirol guztietan eta edozein partidetan apustuak egitera pasa zen.