-(R)IK kasu-marka (partitiboa)
Singularrean erabiliko dugu partitiboa:
Ez zuen gailetarik jan * Ez zituen gailetarik jan
Ez dut lagunik ikusi * Ez ditut lagunik ikusi
Mendian ez dago zuhaitzik *Mendian ez daude zuhaitzik
Ez da berdin:
Ez dut ogirik ekarri (indefinitua) Ez dut ogia ekarri (ezaguna da ogia)
Ikusi duzu txakurrik kalean (indefinitua) Ikusi duzu txakurra kalean? (ezaguna da txakurra)
Kasu hauetan ere erabiltzen da:
Laguntzarik behar baduzu, deitu.
Gorbeia da inguruko mendirik handiena.
Partitiboa artikulurik gabe erabiliko dugu (lagunik, lanik, ahuntzik, eta abar), eta singularreko komunztadura eginez aditzarekin (dugu, dute, genuen, eta abar).
Partitiboaren marka lotzen zaienean, mugagabean izan behar dute izen sintagmek:
Ez dut liburu garestirik erosi. *Ez dut liburu garestiarik erosi
Ez dut lanik egin. * Ez dut lanarik egin.
*Ez dut lanarik Ez dut lanik
*Ez dut mahatsarik bildu Ez dut mahatsik bildu
*Ez dugu ahuntzarik ikusi Ez dugu ahuntzik ikusi
*Ez da gizonarik agertu Ez da gizonik agertu
Aditzarekin ere, kontuz! Singularrean erabili behar dugu:
*Ez dituzte gaixoak sendatzeko behar diren tresnarik.
Ez dute gaixoak sendatzeko behar DEN tresnarik.
*Aspaldian ez ziren entzuten horrelako hitzik.
Aspaldian ez zen entzuten horrelako hitzik.
*Ez dituzu lagun onik aurkituko.
Ez duzu lagun onik aurkituko.
PASARTEA
Txizagura (I)
Zenbat kinka larritan ez ote zara egon zure bizitzan, zenbat larrialdi ez ote dituzu jasan maskuria hustu behar baitezpadako eta erabatekoa sentitu izan duzuenean eta komunik hurrean izan ez duzunean, zenbat aldiz ez ote duzu ikusi zeure burua trafikoan preso, konparazio batera, edo bi geltokiren artean mugitu ezinik geratutako metroko bagoi batean eserita, agonia betean zeure burua txizagurari eustera behartu beharrez.
Dilema unibertsal horren gainean ez du inork egundo hitz egiten, baina guztiak izan dira noiz edo noiz egoera horretan, eta nahiz eta ez den giza pairamenaren adibide komikoagorik maskuria lehertzekotan edukitzea baino, ohitura duzu horrelako gorabeherak direla eta barrerik ez egiteko harik eta zeure burua arindu arte… zeren eta, nork, hiru urterik gorakoa denik, nahiko luke frakak jendaurrean busti?
Horrexegatik, hain zuzen, ez zaizkizu inoiz ahaztuko hitz hauek, zure lagun bati aita hil-hurranak esandako azkenak: “Gogoratu, Charlie”, esan zion, “ez sekula alferrik galdu txiza egiteko aukerarik”. Eta holaxe iragaten da belaunalditik belaunaldira gizaldietako jakituria.
Neguko egunerokoa
Paul Auster (Oskar Aranak itzulia)