"Astia hartu"
Denok dakigu "astia" edo "beta" zerbaitetarako ematen, hartzen edo izaten den denbora horri deitzen diogula. Baina, "astia" hitzaren okerreko erabilpen batez ohartarazi nahi zaituztegu gaur.
Alegia, euskaraz ez dela *"astia aurkitu" esan behar, baizik eta "astia hartu".
Beraz, gaizki esanda al dago "ez dut denborarik aurkitzen nire gauzak egiteko"?
Hain gaizki ere! Denborarik ez duzula "hartzen" esan beharko duzu zure gauzak egiteko. Eta, era berean, esan beharko duzu: "ez dut astirik hartzen etxeko lanak egiteko", edo "gaur ezin izan dut bazkaltzeko astirik hartu".
"Astia hartu"
*"Astia aurkitu"
Habe Ikasbil
ARTIKULUA
Astia
Ez dut astirik hartu kontua behar bezala aztertzeko, ez diot erantzunik aurkitu galderari, eta beraz galderak harrapatuta nauka oraindik ere: noiztik atzera erabiltzen da astia hartu lokuzioa? Noizkoa da astia hartu egin behar delako kontzientzia? Nondik dator, ze jende moduk erabili zuen lehendabizikoz, ze beharri erantzuten dio?
Astia hartu egin behar baldin bada, nahi baino gutxiago daukagun seinale. Edo bestela, daukaguna beste eginbeharretan joaten zaigun seinale. Haurrek eta gazteek azkar ikasten dute, eta oraingoak gai dira (gara?) bi eta hiru gauza batera egiteko: musika entzun, apunteak irakurri, lagunekin txateatu. Orain, gai ote dira gauza bakar bat egiteko? Edota zailagoa dena: gai ote dira ezer ez egiteko?
Gaur, hainbeste gauza dago irakurri, entzun eta ikusteko, hainbeste gauza dago ikasteko etengabeko formazio santuaren izenean, ezen astia hartu behar baita lanetik kanpora ere lanean jarraitzeko. Geratzen da inor gozatzeko irakurtzen duenik, gozatzeko entzuten duenik musika, gozatzeko joaten denik zinemara? Geratzen da inor gozatzeko eta soilik gozatzeko egiten duenik ezer?
Denbora probestu beharra zainetan daraman gure gizartearen gaitza da: bide batez sindromea. Halako lekura joan eta bide batez halakorekin egon. Halakorekin egon eta bide batez zera eskatu. Astia hartu eta bide batez denbora egin. Ezin sekula gauza bakar bat egin. Ezin xederik gabe bizi. Ezin ezer egin gabe egon. Ezin denbora galdu.
Beharbada neure gaitza proiektatzen besterik ez naiz ari. Bada bide batez proiektatu nahi dut errezeta ere: ezer ez egiteko astia hartu.