aditzaren aspektua eta kalkoak (I)
Erdararen eraginez, baztertzekoak diren joera desegoki batzuk ari dira zabaltzen azken urteotan. Hauek bereziki:
a) Ez da zuzena, etorkizuneko kontuez ari garela (planak egitean, aginduak ematean, mesedeak eskatzean...), aspektu burutugabea erabiltzea gertakizunekoaren ordez (edo bestelako molde bat erabili ordez):
*Gauean, joaten gara zinemara?
Gauean, zinemara joango (al) gara? / Zer iruditzen zaizu gauean zinemara joaten bagara?).
*Ematen didazu liburua? Emango (al) didazu liburua?
*Zer, hasten gara lanean? Zer, hasiko (al) gara lanean?
b) Ez da zuzena agintera-modu batzuetan aspektu burutugabea edo puntukaria erabiltzea gertakizunekoaren ordez:
*Goaz? Joango (al) gara?).
*Bueno, zer, goazen? Joango gara?. Baina Bueno, zer, ba al goaz? zuzena da, beste esanahi batekin.
c) Desegokia da latin-hizkuntzen aukera estilistikoa den ‘orainaldi historikoa’ modu kalkatuan erabiltzea. Aspektu burutua dagokie horrelakoei euskaraz:
*1955ean jaiotzen da 1955ean jaio zen / jaioa da
*1964an sortzen da elkartea 1964an sortu zen / sortua da elkartea
Euskara batuaren eskuliburua (moldatua)
Otsailaren 3an bueltatuko da Egunean Behin, 60.000 erabiltzaile baino gehiago izan dituen aplikazioa.
Artikulua
Erdarakada
Lanak ez die elkarrekin egoteko asti handirik ematen, baina gaur ere, ilunabarretik ohera bitartean izan duten denbora apurrean, bikoteko hiztun jantziak hainbat zuzenketa egin dio, ez beti gozo, bikoteko hiztun eskolatu gabeari: ergatiboa, aditz laguntzailearen akats tipikoren bat, lexikoa…Baina hiztun jantziak erdarakaden kontra jokatzen du gupidagabeen, ez du bat barkatzen, eta eskolatu gabeak esan dionean ”zure ama ikusi dut kaletik”, hiztun jantziak “kaletik ala kalean?” bota dio. Ez du, ordea, zoriondu orain arte esaten zuen “amari ikusi diot” zuzendu duelako. Hiztun eskolatu gabeak, pazientzia bildurik, “zer moduz geratzen zait kamisoia”?. Galdetu dio; “kamisoia ez da geratzen!”, erretxindu zaio hiztun jantzia. “Zurekin ez du pena merezi!” lehertu da eskolatu gabea, eta, besteak ezer esan aurretik erdarakadarik gabeko gaztelania txukunean hasi zaio: baietz, badakiela ez dela pena merezi esaten, baina halaxe atera zaiola, ezin duela gehiago!
Hiztun jantziak masaila laztandu dio, hitzik gabe, barkamen eske.
Anjel Lertxundi