Hitzen ordena
Euskal testuetako hitzen ordenaz eta esaldiaren egituraz jabetzeko izan daiteke gaurko ariketa. Alegia, gero eta gehiagotan entzuten ditugun esaldiak dira: "hau da ona", "hau dago ondo", "hau da handia", "hau da hori", eta abar. Ezin esango dugu, berez, gaizki daudenik, baina...
Halaxe da, esaldiok, testuingurua jakin gabe, ezin esan gaizki daudenik. Baina, beti gaztelaniaren "esto es..." egituraren kalko okerra egiten bada, gehiegikeriaz erabiltzen baldin bada, orduan, bai; orduan, egitura hori egoki erabili behar dugula pentsatu beharko dugu.
Beraz, bereiz ditzagun "hau da ona" eta "hau ona da".
Garbi legoke bereizketa hori, ahozkoan doinuak ere lagundu egiten baitu. Era berean, ez dira gauza bera "kamioia da handia" (ez "autoa") eta "kamioia handia da" (ez "txikia").
Eta, azkenik, bereiz ditzagun "jolas hau dago ondo" eta "jolas hau ondo dago".
Lehenengoa esaten badugu, hau da, "jolas hau dago ondo", "jolas hau" eta ez "jolas hori" dagoela ondo esaten ari gara. Eta bigarrenean, berriz, ("jolas hau ondo dago") jolas hau "ondo" dagoela, eta ez "gaizki".
Erreportajea
Berriako Ahomentan erreportaje interesgarri bat egin diete Athleticeko jokalari Iñaki Williamsi eta Senegaletik etorritako Cheikhouna Diengi. Hemen daukazue pasarte bat, baina osorik irakurtzea gomendatzen dizuet.
Cheikhouna Dieng
Tenerifera iritsi nintzenean poliziek ez zuten nire hizkuntza ulertzen. Izena galdetu, eta Cheikhouna Dieng esaten nien, eta haiek, belarriz, Cheikh Nadie [inor ez, gaztelaniaz] idatzi zuten.
Ni bizitza hobe baten bila etorri nintzen, nire familiari lagundu nahi nion. Europa aukeratu nuen, lan bat bilatu, lagundu... Hasiera batean, ez nuen txaluparik hartzeko asmorik. Orduan hasi zen jendea txalupak hartzen, baina nire asmoa bisa lortzea zen Europara etortzeko. Garai hartan, Maliko, Ghanako, Nigeriako... jendea iristen hasi zen txalupak hartzeko, eta nire aitak esan zidan: «Cheikh, ez hartu sekula ontzirik, aditu!». Nik ezetz esaten nion beti, baina behin burura etorri zitzaidan, eta «goazen», esan nuen. Irailaren 9an joan nintzen etxetik, eta irailaren 20an hartu nuen ontzia, eta hamar egun barru erregairik gabe gelditu ginen. Arrantzontzi batek ikusi gintuen, haiek Gurutze Gorriari deitu zioten, eta Tenerifera [Espainia] eraman gintuzten. Irailaren 30ean iritsi ginen, eta urriaren 27ra arte egon ginen han. Eta, handik, Madrilen libratu gintuzten. Madril ez zitzaidan gustatu, polizia asko zegoen. Iparraldean Euskal Herria zegoela esan zidaten, etortzeko tokirik onena, eta hala suertatu da; hau da tokirik onena.