tzea / -tzeko
AGINTEA adierazten diguten perpaus osagarriekin «-T(Z)EKO» marka erabiliko dugu.
Adibide hauekin hobeto ulertuko dugu:
*Bere lekuan UZTEA agindu dizut. Okerra da.
Bere lekuan UZTEKO agindu dizut, zuzena.
*Isilik EGOTEA esan dizut. Okerra da.
Isilik EGOTEKO esan dizut, zuzena.
Aginte-perpausetan, bi eratara egin daitezke perpaus osagarriak:
Subjuntiboa erabilita: - Amak ohera joan zaitezeLA esan du.
T(Z)EKO erabilita: - Amak ohera joaTEKO esan du.
HABEko Ikasbiletik jasoa
Artikulua
Behinola idatzi dut txoko honetan plazer handia dudala udako gau sargoritsu eta argietan lorategian lo egitea. Sentsazio ikaragarri dardarazlea bihur dakidake, gorantz begira, keinuka dabilzkidan izarren diosalari barnetik erantzutea eta haien erreakzioa asmatzea. Izan ere, milioika kilometrotara dagoen puntutxoari pentsamendua luzatzeak itzulian denetariko erantzunak ekar ditzake, jakina, nor beraren apetaren araberakoak. Tranpa egin diezaioket, beraz, izarrari eta hain justu horregatik bilaka daiteke ariketa kilikagarria.
Bart, ordea, izarrei ez baizik dozenaka igaro diren hegazkinei erreparatu diet. Eta jokoari ekin diot. Euren norabide eta zihoazen alturaren arabera kalkulatzen nuen nondik zetorren aparailua eta zein nolako asmok mugitzen zituzten bidaiariak altzairuzko txori hartan joateko. Gehienak, pozik, oporretara joaten ari ziren, Norvegiako fiordoak, Kanarietako hondartzak eta, apalagoak, Bartzelona edo Galiziako inguruetara. Beste batzuek berriz, ospitaleko hoztasunean gaixorik dagoen senitarte bat ziurrenik azken aldiz ikustea zuten xedea; goibel gertatzen ari zitzaien hegaldia. Baziren, banaka batzuk, ez asko, merkatal operazio bat ixtera zihoazenak; irabaziekin zer egin pentsatzen ari ziren. Eta abar. Okertu egin nintekeen igarpenetan, hori bai, baina ez zuen logikarik nire buruarekin tranpatan ibiltzeak.
Izarrekiko pentsamenduak dira zirrara sortzen dutenak. Politenak. Arriskutsuenak.
http://txemax.blogspot.com/2018/08/hegazkinak-ez-dira-izarrak.html
Josemari Velez de Mendizabal
http://txemax.blogspot.com/2018/08/hegazkinak-ez-dira-izarrak.html