Galdera
"Zerbait gertatu behar du" edo "ZerbaitEK gertatu behar du": zein da egokia?
Erantzuna
Zerbait gertatu behar du / Zerbaitek gertatu behar du, bi moldeak dira egokiak.
Aditz iragangaitzekin izan laguntzailea (DA) hartzen duten hizkeretan zilegi da halaber:
Zerbait gertatu behar da.
1/ Behar izan aditzak, Euskara Batuaren Eskuliburuak jasotzen duen bezala, nolabaiteko inpertsonaltasuna tartean denean (irudipenezko zentzuan), zalantza eragiten du era honetako esaldietan:
Egon behar du hara doan bideren bat/batek.
Gogorra (izan) behar du bakarrik bizitzea/bizitzeak.
Moduren bat/batek egon behar du hau konpontzeko.
Zergatik egon behar du lege bat/batek gizonezkoentzat, eta beste bat/batek emakumezkoentzat?
Argentina/Argentinak lurralde zabala izan behar du.
Idazle batzuek era batera idazten dute eta besteek bestera. Bi moldeak ageri dira tradizioan, eta bi moldeak dira zuzenak. Baten alde egitekotan, esan behar da, tradizioaren arabera, hain zuen ere, ohikoagoa dela subjektua absolutiboan (NOR kasuan) ematea, eta ez ergatiboan.
2/ 113. araua. Behar izan aditzaren jokabidea aditz iragangaitzekin
a) Lan egin behar dugu
b) Liburua ekarri behar zenidan
c) Etxera joan behar dut
• du-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea
• da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea
2. Halere, lehen puntuan esana ez da beteko behar izan aditza, datibodun aditz iragangaitz batekin agertzen denean. Orduan izan laguntzailearen zaio-saileko formak erabiliko dira beti:
a) Bihar mintzatu beharko natzaizu gai horretaz
b) Azkenerako gauza guztiak ahaztu behar zaizkizu
zaio-aditza + behar ====> [aditza] + behar + zaio-saileko aditz laguntzailea
3. Bestalde, zenbait euskalkitan, Iparraldekoetan batez ere, behar izan aditzak izan laguntzailea har dezake aditz iragangaitzekin:
a) Joan behar naiz
b) Ez zara ikaratu behar
Jokabide hau ere ez da gaitzesten:
• da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + da-saileko aditz laguntzailea.