BAKOITZA, BATBEDERA
BAKOITZA eta BATBEDERA erabiltzen dira, NORBERA esanahiarekin, zein bere euskalkian.
BAKOITZAK daki zer egin.
Hori BATBEDERAK esan behar du.
BAKOITZA eta BANA batera joan daitezke inoiz, baina komeni da erredundantzia hori saihestea:
Salbatu duzuen printzesarekin ezkonduko zarete, eta zuetariko BAKOITZAk erresumaren heren BANA izango du.
Salbatu duzuen printzesarekin ezkonduko zarete, eta zuetariko BAKOITZAk erresumaren heren BAT izango du.
Aditza hirugarren pertsona singularrekoan ematen da beti BAKOITZA erabiltzean:
Gutako BAKOITZAk desio eta balio desberdinak DITUGU.
Gutako BAKOITZAk desio eta balio desberdinak DITU.
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
Pasartea
Arantxa Iturbe, Kulturari buruz
(…) Eta nik, zorionez, kulturan egiten dut lan; inori interesatzen ez zaizkion gai batzuetan. Kristoren pena ematen dit, ze uste dut komunikabide guztietan dauden tarte, orri, programa... interesanteenak direla, eta gainera gaur egun kulturan lan egiten duen jendeak –sormenean, ez kultura-politikan edo kultura-sailetan–, ez dut esango mundua aldatuko duenik, ze jada ikasi nuen ezetz, baina laguntzen dizute munduaren beste geruza batzuk harrapatzen. Pelikula batek ez dizu bizia salbatuko, baina ordu eta erdian lortu badu kaskezurrean bi hilabete iraungo dizuten bi ideia sartzea... bizitzeko beste era bat da. Baina konturatzen naiz, betiere orokortuz, jendeari “kultura” esan eta burura etortzen zaiola gauza pisu, aspergarri, pedante, elitista... hor segitzen dugu. Nik uste dut gera zaitezkeela titularrarekin bakarrik, edo argazkiekin, edo sakondu. Eta niri barrura sartzea interesatzen zait. Hain miresgarria iruditzen zait sormena…