aditzaren aspektua eta kalkoak (II)
d) Ez da egokia ‘geroaldi historikoa’ delakoa erabiltzea, iraganean ari delarik. Aspektu burutua dagokie horrelakoei euskaraz:
?Hurrengo urtean elkarte bat sortuko du, eta, laster, lehendakari-kargura iristen da
Hurrengo urtean elkarte bat sortu (zuen), eta, laster, lehendakari-kargura iritsi zen
?Garai hartan Urruñan bizi zen gurasoekin; handik gutxira Beskoitzera esposatuko da
Garai hartan Urruñan bizi zen gurasoekin; handik gutxira Beskoitzera esposatu zen
e) Mesedeak-eta eskatzean, desegokia da ahalera erabiltzea, aspektu gertakizuna erabili beharrean:
*Ireki diezadakezu? Irekiko didazu?
*Eman diezagukezue giltza, mesedez? Emango (al) diguzue giltza?). (→ ahalera eta kalkoak)
f) Aspektuaren esparrukoak ez badira ere, berariaz aipatzekoak dira honako kalko hauek:
*Gustatuko zitzaidan Kubara joatea
Gustatuko litzaidake Kubara joatea
*Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuen
Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuke
*Azkenik, esan, jokalariek... Azkenik, esan beharra dago…
Euskara batuaren eskuliburua (moldatua)
Artikulua
Nazario lehenengo lerroko ikasmahaietako batean eseri zen, maisuaren aurrez aurre.
- Zenbat urte dituzu?
- Hamahiru.
- Hamahiru urte dituzu eta ez duzu behin ere pentsatu idazten eta irakurtzen ikastea?
- Honoratok bokalak irakatsi dizkit: a-e-i-o-u. Kontsonanteren bat ere bai. Hitz batzuk ere ikasi ditut: agua, vino… Izebak, berriz, milaraino kontatzen irakatsi zidan: aitzur bat, bi aitzur, hiru aitzur, lau aitzur…
- Nahikoa-nahikoa. Baina jakin al daiteke zergatik erabiltzen dituzun aitzurrak kontatzeko?
- Sagarrekin ere konta dezaket: sagar bat, bi sagar…
- Eta zergatik ez bat, bi, hiru, lau…?
- Hiru aitzur hiru aitzur dira, eta hiru sagar hiru sagar, baina hiru, horrela… apellidurik gabe, ez da ezer.
Joan Mari IRIGOIEN, Bestea da Mundua. Orbetarrak I. ELKAR, 2008. 210-211 orr.