Konparazioetan egiten ditugun ohiko akatsak ikusiko ditugu:
Ø Izen neurgaitzekin –KO atzizkia ez erabiltzea
*Nik zuk beste_ gogoa daukat. Nik zuk besteKO gogoa daukat.
*Gaur atzo beste_ hotz egiten du. Gaur atzo besteKO hotza egiten du
*Nahi beste_ zarata atera. Nahi besteKO zarata atera.
*Guk zuk adina_ interes dugu. Guk zuk adinaKO interesa dugu.
*Ez dago behar adina_ lekurik. Ez dago behar adinaKO lekurik.
Ø -n menperagailuari –a mugatzailea eranstea
*Neska hori dirudieNA baino indartsuagoa da.
Neska hori dirudieN baino indartsuagoa da.
*Ez pentsa, ez da zuk uste duzuNA bezain erraza.
Ez pentsa, ez da zuk uste duzuN bezain erraza.
Ø Baino ≠ baino gehiago/areago
*Lagundu baino, kalte egiten du.
Lagundu baino gehiago... Lagundu beharrean / (barik) / ordez...).
Ø Batek baino gehiagok
Bi konparagaiek deklinabide-atzizki bera eramatea da lege orokorrena:
bat baino gehiago, batek baino gehiagok, bati baino gehiagori...
(→ baino gehiago: batek baino gehiagok, bati baino gehiagori...)
Imanol Epelde
Argia
https://www.youtube.com/watch?v=EA0FOq9i3Io
Nagusiena, nagusia
Nagusi hitza adjektiboa denean, berez da goren mailakoa. Ondorioz, bada, horrelakoetan neurriz erabiltzea komeni da, eta –(e)na-dun bat jarri nahi izanez gero, beste adjektibo bat aukeratzea:
Ordezkaritza-organurik nagusiena
Ordezkaritza-organu nagusia /gorena
Helbururik nagusiena
Helburu nagusia / garrantzitsuena
Zatirik nagusiena
Zati nagusia / handiena
Euskaltzaindiak horrela jasotzen du
Artikulua
«Uste dut gizonak oso kontziente direla ez direla gurekin lehiatzen. Haien liga dago, eta amorrazioa ematen die emakumeen plaza existitzen hasteak, beste liga bat sortzeak, emakumez bakarrik osatutako saioak oso gutxi diren arren. Askok uste dute neska garelako kantatzen dugula, diskriminazio positiboa existitzen dela; ez digute zuzenean esaten baina bai zeharka adierazten. Baina azken ikerketa soziologikoak gezurtatu egiten du.
Horregatik galdetzen dut: “Neska izateagatik kantatzen dut, ala neska izanagatik?”. Batzuen aldetik sentitzen dut: Oihana azaldu duk, eta nola neska den plazara sartu duk zuzenean, eta nik beste hainbeste edo gehiago egin diat urtetan, eta kaka. Bertsokide batzuekin bizi izan dut hori. Gizonengan, nola gu ez garen haien konpetentzia zuzena, sortzen den ohiko posizioa da: Bera eroriko duk, ez hakio bultza. Gu gure artean borrokatzen garen bitartean, haiek piña egiten dute, hor dago euren arteko Anaidia, eta esaten dute: “Lasai, denborak jarriko ditu dagokien lekuan”. Giro hori dago. Batzuek ez dute nirekin lehiatu beharrik sentitzen: nola eroriko naizen ikustera esertzen dira. Eta gero txalo joko dute».
«Niganako konpetentzia gehiago sumatu dut gizonen partetik emakume kideengandik baino, akaso, gizonei begira nagoelako. Gipuzkoako finalaren ondoren oholtzakide gizonezko batzuengandik sentitu dut lehiakortasun hori».
Oihana Iguaran
Kontrako eztarritik. Uxue Alberdik emakume bertsolari askoren testigantzak eta hausnarketak jasotzen ditu liburu honetan.
Pasartea
Pelusak
Erratzarekin jasotako pelusak patioko leihotik behera botatzea bizitzeko modu baliagarri bat dela erabaki du bizilagunak. Alde bakarreko erabakia izan da, anonimotasunak eta grabitateak babestua. Zintzilikaturik duen arroparen gainean erori dira. Arropa astindu eta nire sukaldean daude orain. Erratzarekin jaso berri ditudan nire etxeko pelusen antza dute. Batu egin ditut, nahastu eta konfunditu. Eta, bitan pentsatu gabe, patioko leihotik behera bota ditut. Azpian bizi denaren arroparen gainean erortzen ikusi ditut. Hor daude, suspentsioan. Gure egunerokotasunak. Hautsak. Ileak. Apurrak. Miseriak. Pelusak. Existentziaren katea.
Lasai, ez da ezer gertatzen.
Ana Malagon