Urtebetean ala urtebetez?
a) Urtebetean egon da ospitalean
b) Urtebetez egon da ospitalean
a) Urtebetean luzatu zaio kontratua
b) Urtebetez luzatu zaio kontratua
Erantzuna: Euskaltzaindiaren 110. Arauak zehazten duenez, iraupena adierazteko absolutibo (urtebete) eta instrumental mugagabeak (urtebetez) eta inesiboa (urtebetean) erabil daitezke euskalkien eta aditzen arabera.
Beraz, hauek guztiak dira zuzenak:
Urtebetean egon da ospitalean
Urtebetez egon da ospitalean
Urtebete egon da ospitalean
Urtebetean luzatu zaio kontratua
Urtebetez luzatu zaio kontratua
Urtebete luzatu zaio kontratua
Administrazioa euskaraz. IVAP
Pasartea
Hitzak erakarri nau, ez bainekien zer esan nahi duen, eta hiztegian begiratu behar izan dut. Gero, artikulua irakurrita, oso interesgarria iruditu zait.
Margolaria eta bideogilea da Abdalla Al Omari siriar gaztea, gaur egun Bruselan bizi dena. Ekialde hurbileko, Europako zein Estatu Batuetako hainbat galeriatan izan ditu erakusgai bere proiektuak, The Vulnerability series izenekoa azkena (laburmetraia batek eta tamaina handiko oleo sorta batek osatua berori). Al Omarik mundu mailako politikariak irudikatu ditu egoera zaurgarrietan: Donald Trump bizkarrean estera bat eta besoetan ume bat hartuta, Barack Obama eskale itxuran, Bashar Al Assad blai eginda paperezko itsasontzi bati oratzen... Hauexek artistak erakusketarako eginiko aurkezpen hitzak: «Kaixo, mintza gaitezen argi: ni ahula naiz eta zu ere ez zara hain indartsua. Ospa dezagun zaurgarritasuna». Koadroetako protagonistekin intimatzeak uste baino zer pentsatu handiagoa eman ei zion, Al Assaden erretratuagatik pena sentitzeraino iritsi zela kontatzen du. «Grabitaterik ere ez dagoen unibertso honetan, zaurgarritasuna dugu helduleku bakarra».
Indarraren diskurtsoa gailentzen da, oro har, politikagintzan: ostiko bat ematen didazula? Ederto, ukabilkada bi hartuko dituzu bueltan. Al Omarirena, ordea, ahultasunaren aldeko alegatua da: «Makalen harrapatzen zaituzten une horiexek dira ahalguztidun bilakatzen zaituztenak», dio. Nire indarrak neurtu nahi dituzula? Ados, zatoz eta zauriak erakutsiko dizkizut.
http://www.berria.eus/paperekoa/1777/014/002/2017-07-04/zaurgarritasuna.htm
Miren Amurizak Igartza saria irabazi berri du, 'Paperezko txoriak' eleberri proiektuarekin, eta liburu horretan ere zaurgarritasuna azalduko zaigu.
«Askotan modu negatiboan ikusten da zaurgarritasuna, baina modu positiboagoan aldarrikatu nahiko nuke nik. Aukera ematen du norbere ahuldadeetan arakatu eta birziklatzeko, eta zaurgarritasunaren beste aldean sendatzeko gaitasuna ere azaltzen da».