Egingo nuen
(Iragan-geroa aditzaldia)
Ø Izenak adierazten duenez, iraganari buruzko aditz-forma da beti. Erabilera-modu hauek ditu:
Esan nizun neronek egingo nuela.
Etorriko zen honezkero Mikel.
Zuk agian ezagutuko zenuen nire anaia, ezta? (= Zuk agian ezagutu zenuen nire anaia, ezta?).
Jostailu bat eman behar izan genion haurrari, isilduko bazen. Nekazaritzako ekoizpenak gora egingo bazuen, lurra ongarritu beharra zegoen.
Beharbada berriro saiatu behar(ko) genuen [baina ez ginen berriro saiatu].
Oso gustura geratuko nintzen berarekin, baina ezin izan nuen.
• Baldintzazko ezinezko ondorioa adierazteko (baldintzazko ondorio irreala, alegia). Bi moldeak daude ondo:
Garaiz esan (izan) bagenio, lehenago etorriko zen / etorriko zatekeen. Abisatu (izan) balidate joango nintzen/nintzatekeen bilerara.
Testuinguru horretan, parekoak dira honako guztiok: zuen/zukeen, genizun/genizukeen, ginen/ginatekeen, etab.
Ø Ez da zuzena gertakari hipotetikoak baina gerta litezkeenak aipatzeko.
*Gustura joango nintzen Kubara (> Gustura joango nintzateke Kubara).
*Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuen (> Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuke).
*Gonbidatuko banindute gustura joango nintzen bilerara (> Gonbidatuko banindute, gustura joango nintzateke bilerara).
Ditxosozko galdera, baita XIX. mendean ere
Historia errepikatzen da. Batez ere errepikarazteko gogoa dagoenean. Azkuek erreskatatutako pasarte interesgarrien artean bada bat euskaldunoi oso ezaguna egiten zaiguna. Ezagunegia.
1855ean kolera gaitzak gogor jo zuen. 122 lagun hil ziren Zumaian. Horietako bat herriko zirujaua izan zen. Bera eta medikua ordezkatzeko Eusebio Gurrutxaga alkateak lan-deialdia plazaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Iragarkiko azken esaldian hala zioen: “advirtiendo que ambos profesores deberán poseer el idioma vascongado”. Euskara jakitea lehentasun.
Ondoren, aurkeztutako hautagaien artean bozkatu zuten udaletxean. Zinegotziek hiru aldiz bozkatu eta hiruetan berdinketa. Bina boto Manuel de Pedrazaren alde, eta beste biak Toribio Ibasetarentzat. Ibasetak euskaraz zekien, Pedrazak ez.
Berdinketa apurtzeko herriko beste 11 handizkirekin jorratu zuten gaia. Bilera horretan zinegotzi batek hala esan zuen euskara jakitea lehenetsiz: “aunque el Señor Pedraza fuese preferido por la Universidad y tenía más práctica en su concepto, el Señor de Ibaseta debía ser preferido por cuanto posee el idioma vascongado”. Hau da, ustez formakuntza profesional handiagoa izatea ezin da herritarrekin komunikatzeko gaitasunaren gainetik jarri. Handizki batek, ordea, aurka egin zion zinegotziari euskaldunok gaur egun sufritzen dugun lelo ezagun bati helduz: “Siendo el médico para curar o estudiar enfermedades, más bien debía atenderse a los conocimientos científicos y a la práctica que al idioma y que no podía haber duda en la elección”. Euskaldunon eskubideak lan-munduan azpiratzeko ohiko jukutria, XIX. mendean.
Azkenean, bozketa eginda, Ibaseta mediku euskalduna hautatu zuten zortzi botorekin. Handik aurrera ere askotan azaldu zen euskararen gaia antzeko hautaketetan. Adibidez, Oikiako auzo-alkateak zegokien zergak ez ordaintzeko mehatxu egin zuenekoa: “los moradores de su valle de Oiquina, no contribuirán cosa alguna siempre que sea castellano el médico que les asista”. Hau da, guk ordaindu eta guri ulertu ez. Nola ba?
Imanol Azkuek dokumentatu duenez, Zumaiako Udalak jendaurreko bestelako lanpostuak atera behar izan zituenean, ia beti kontuan izan zuen euskalduna izateko baldintza edo lehentasuna. 1936ko militar eta erlijioso faxisten estatu kolpera arte.
Imanol Azkue artxibategietako agiri-mendietan xerka eta xerpa aritu da, martxoan aurkeztu eta argitaratze bidean den Euskara Zumaian 1766-1966 lana osatzeko.