zeina
Artikulua
Nori axola zaio euskal prosa?
Juan Luis Zabala
ZEINA
Bi perpaus lotzeko erabiltzen da:
Opari bat ekarri zion alaba zaharrenari. Alaba hura zuen kutunena.
a) Aposizioa egin nahi bada, ZEINA erakoak erabiliko ditugu:
Opari bat ekarri zion alaba zaharrenari, ZEINA kutunena (bait)zuen.
b) ZEINA saihestu nahi bada, beste joskera batzuk erabiliko ditugu:
Opari bat ekarri zion alaba zaharrenari; izan ere, alaba hura zuen kutunena.
Desegokitzat jotzen dira horrelakoak:
*Opari bat ekarri zion alaba zaharrenari, kutunena zueNA.
*Opari bat ekarri zion alaba zaharrenari, kutunena zueNARI.
*Opari bat ekarri zion kutunena zuen alaba zaharrenari.
EHULKU
(…) Euskaraz ondo alfabetatuta ez dagoen euskaldun bati zeinismoz osatutako esaldirik sinpleena ere, ezinbestean, arrotza egingo baitzaio eta seguru asko pedantea.
Poesiari, iragarki batek ederki esaten zuen moduan, bertso esaten zaion herri erdi-agrafo batean bizi gara; bere hizkuntzari, mila modu zein baino zein koloretsuagoetan, etengabe maitasun zintzoa adierazten ari zaion arren, haren noranahikotzean benetan sinestera iritsi ez den herri batean, beti erkin eta gaixo maite izan duelako eta halaxe maite izaten jarraitu nahi duelako; euskaraz aritzean —inguruko erdaretan aritzean ez bezala— dotorezia eta pedanteria bereizten dituen langa neurri beherenetaraino jaitsia duen herri batean. Orain dela hamabost edo hogei bat urte, honelako zerbait esan zidan ondo idazten duen euskal kazetari eta idazle batek: «Nik badakit ‘ikusi zaitut’ zela kasu horretan esaldi zuzena, baina ‘ikusi dizut’ esan diot, bestela oso pedantea gelditzen zelako». Eta neuk ere harrapatu izan dut inoiz neure burua —inguruan Zelig banintz bezala kamuflatzeko joerak hartaratuta— «ikusi zaitut» esan beharrean «ikusi dizut» esateko zorian. Horrelako egoeren ondoan, lekutan geratzen dira zeinismoak!