SOZIATIBOKO ESAPIDE DESEGOKIAK
Badira erdararen interferentziak-edo eragindako erabilera batzuk gehienetan berriak; hauek, besteak beste:
• Amaitu aditzarekin (es: ‘acabar con...’; fr: ‘pour en terminer avec...’):
*Gai honekin bukatzeko... Gai hau bukatzeko; Gai honekikoak egiteko
*Arrazakeriarekin amaitu behar da Arrazakeria baztertu egin behar da
• Aurkitu aditzarekin (es: ‘encontrarse con...’; fr: ‘être/se trouver en présence de...’):
*Askotan, talde heterogeneoekin aurkitzen gara geletan
Askotan, talde heterogeneoak (aurkitzen) ditugu geletan
• Asmatu, jarraitu, hautsi...
- *Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustuarekin
Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustua.
Ez dakit nola igartzen/antzematen diozun gonbidatuaren gustuari
- *Lanarekin jarraitu du serio-serio
Lanean jarraitu du serio-serio (ZERTAN).
Lanari jarraitu dio serio-serio (ZERI).
- *Topikoekin hautsi beharra dago
Topikoak hautsi beharra dago
• Hil aditzaren kasuan, -ekin hil okertzat ezin jo bada ere —hizketan ez da arrotz, eta idatzian ere aurki daitezke adibideak—, aukeran egokiago da -z hil (esan daiteke -k jota hil ere):
?Eritasun kardiobaskularrekin jende gehiago hiltzen da minbiziarekin baino
Jende gehiago hiltzen da eritasun kardiobaskularren ondorioz minbiziaren ondorioz baino / eritasun kardiobaskularrez, minbiziz baino / eritasun kardiobaskularrengatik, minbiziagatik baino).
Euskaltzaindia.eus (moldatua)
Artikulua
Umeak ez ekartzeko deiak badu beste helburu bat, gazteak esan duenez: inor ez sentiaraztea aita edo ama izatera behartuta. Seme-alabarik ez dutenak txarto ez sentitzea. Izan ere, jende askok ez du konturatu nahi umeak izatea bezain errespetagarria —edo nartzisista— dela umerik ez izatea. Bai: «zergatik ez duzu seme-alabarik?» galderari «zergatik dituzu seme-alabak?» galderaz erantzun lekioke.
Gizartearen presioa handia da, baina. Badirudi isileko epaiketa publikoa egiten zaiola umerik gabeko jendeari. Eta azterketa pubikoa: «Hanka gorria usteltzen hasi zaio gizonari?». Emakumeen gaineko presioa askoz ere handiagoa da. Ama ez bada, osatu gabea da. Antzua. «Errua» berea da, estatistiken arabera gizonen eta emakumeen antzutasun portzentajea berdin antzekoa bada ere. Gainera, gizonak bere ohorea salbatu nahi du. Bat baino gehiago zintzurretik arrastaka eraman dute esperma aztertzeko proba egitera. Eta egia jakin arte estu eta larri egon dira, tumore baten biopsiaren emaitzaren zain egongo balira bezala. Antzua izatea minbizia delako gizonkeriarentzat. Gero, umea eginez gero, «gizona naiz» esaten dute, harro. Ez, ez da tropiko urrunetan entzuna. Euskal Herria ere macho land da.
Zer erantzun jasoko genukeen gaztetan geure sorrerari buruzko galderak egin bagenitu etxean? «Zergatik ekarri ninduzuen mundura?». Edo destroyer-ago: «Zuen maitasuna ez zegoen osorik ni gabe? Ezin zineten zoriontsuak izan haragizko jostailurik gabe?». Nagusiak gara, eta denok dakigu erantzunen multzoan denetarik egongo zela. Batzuetan benetako arrazoiak, ezin dotoreago jantziak —«gure maitasun garden mugagabearen goreneko altxor dirdiratsuena izan zinen, maitea»—, baina, bestetan, isildu egingo ziren gurasoak —«herriko festetan apur bat mozkortu ginen, kalentoia, eta ez genuen gelditzen jakin»—. Eta bi mutur horien artean...
https://www.berria.eus/paperekoa/1950/005/002/2019-02-09/lesbiana_suizidaren_apeta.htm
Lesbiana suizidaren apeta
Jose Mari Pastor
Gai horri buruzko artikulu interesgarri bat, HEMEN