Aditzoinen forma
Salbuespenak salbuespen, honela laburtu daiteke araua [28. araua]:
a) Partizipioa -tu (-du) amaitzen bada, hura kenduta:
hartu > har;
bazkaldu > bazkal;
belztu > beltz (*belz);
zehaztu > zehatz (*zehaz);
hustu > huts (*hus)...
Izenetik, izenondotik eta adberbioetatik sortutako aditz eratorria denean, partizipioaren forma ere onartzen da aditzointzat: ume/umetu, eder/edertu, urrun/urrundu, huts/hustu...
b) Partizipioa -i formaz amaitzen bada, hura kenduta:
etorri > etor,
erosi > eros,
irakurri > irakur,
utzi > utz...
Salbuespenak: aditz-izena -tze izanik, haren aurrean -i- badago (jaikitze, jalgitze, etsitze, bizitze, aritze...), -i- hori ez da galtzen (*jaik, *jaig, *ets, *biz, *ar...> jaiki, jalgi, etsi, bizi, ari...).
Itxi eta etsi aditzek beti berekin eusten diote -i horri:
*itx ezazu > itxi ezazu,
*ez dezagun ets > ez dezagun etsi (Ez hala, ordea, etsi aditzetik eratorritako aditzek —alferretsi, askietsi, baietsi, balioetsi...—, arau nagusiaren arabera jokatzen baitute). Iritzi eta eutsi aditzetan bi aldaerak onartzen dira.
c) Badira -t bukaera duten aditzoin gutxi batzuk: laket/laketu, ausart/ausartu, bat/batu, oroit... (aditz eratorriak dira, oinarrian -t dutenak); ezagut, lant/landu, lot, ohart/ohartu... (literatura-tradizioan hala ageri izan direnez, hala onartu dira).
d) Gainerakoen aditzoinak eta partizipioak berdinak dira: egon > egon, laga > laga, hil > hil, eho > eho...
ESTILO-AUKERAK. Bi dira behinenak:
1. Ahaleran, aginteran eta subjuntiboan, zein erabili behar da: aditzoina ala partizipioa (etor/etorri)? Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, biak dira zuzenak, baina euskara batuan, bateko eta besteko tradizioa kontuan izanik, aditzoinaren (etor zaitez, ekar ezazu) aldeko joera da nagusi. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (379. or.) liburuan, berariaz dago esana: “Euskaltzaindiaren gomendioa aditzoina erabiltzea da”. Esan beharrekoa da, hala ere, Hegoaldeko idazle, argitaletxe eta komunikabide batzuek partizipioa erabiltzen dutela sistematikoki.
2. Aditz eratorrietan (gazte/gaztetu, elkar/elkartu, zehatz/zehaztu), aditzoinak bi forma dituenean (-tuduna eta -tu gabea), zeinen alde egin behar da? Horretan ere Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, eta ez du ez hobespen ez lehenespenik eman. Nolanahi ere, euskara estandarrean, -tu/-du forma osoa idaztearen aldeko joera ari da nagusitzen Hegoaldean: gizenDU dadin, lodiTU daiteke, gauzaTU dezagun, etab.
Podcast-a
“Maskarekin ez dira irriak ikusten”
Hilabete darama alabak lagunekin elkartu gabe. Tarteka ordenagailuz egiten du hitz beraiekin, jolastu ere horrela egiten dute, pantailaren bitartez, aurpegiak margotzen dituzte, mozorrotu ere bai, eta beraien kontu txikiak kontatu, dena pantailekin.
Lagunetako batek, esan dio ama ez dagoela etxean. Hau dena hasi zenetik ez dela agertu etxera. Ama medikua da, larrialdietan egiten du lan. Elmhurst, Queens auzoko ospital publikoan. Eta erabaki zuen etxera ez bueltatzea, gaitza familiakoen artean ez zabaltzeko.
Ospitalean bertan egiten du lo. Elmhurst, gaitzaren aurkako borrokako sinbolo ere bilakatu da newyorktarren artean, bertatik hasi ziren oheak eta arnasgailuak eskatzen, bertatik ateratzen hildakoen kamioi hozkailuak, eta bertatik, azken aldian, sendatuak ere bai.
Atzo igandez, New York Timesen ikusi dugu ezustean bere argazkia. Elmhurst ospitaleko langileen erretratuak ziren, COVID 19aren aurka lehen lerroan borrokan ari den jendearena. Hantxe zegoen gure alaba beraien etxera lo egitera gonbidatu duen emakumea, pizza afaltzera eraman duena ostiral gauetan. Hantxe, lubakian, bere bizitza arriskuan jarriz, etxekoak ikusi gabe, gu denon onerako.
Senarra zinegilea du, beldurrezko filmak egiten ditu, baina “ez nuen horrelakorik imajinatuko”, aitortu zigun ikusi genuen azken aldian.
Hilabete darama gure alabak etxetik atera gabe. Hasieran ez ginen ateratzen horrela erabaki genuelako. Gero, nahiz eta hemen aukera hori izan, umeek nahiago zuten etxean bertan goxo egin. Azken aldian, uste dut, beldur direla.
Asteon atera da lehen aldiz. Hasieran pozik ikusten nuen, baina niri besarkatuta egiten zuen oinez. Dendak itxita zeuden, jolastokiak ere bai, izozkia jateko gogoa sartu zitzaion baina ezin. Arraro ikusten zuen kalea, dena aldatua, dena tristetua.
“Maskarekin ez dira irriak ikusten” esan dit .