Haizea dabil
Jakin badakigu mugitzen den airea dela haizea, nahiz eta zenbaitetan gaztelaniazko "aire" ere baden. Adibidez, "gurpilak haizatu egiten dira".
Baina, haizea aipatuz, bitxikeria bat hasteko: zenbat haize-mota aipatuko zenuke entzule horrek?
Aipatzen hasita, haize-mota ugari: hezea, lehorra, hotza, epela, beroa, errea, zakarra, gogorra, nahasia, ipar-haizea, hego-haizea, etab.
Haize-mota ugari, beraz; baina, gure gaurko oharra beste bat da: haizea beti "ibili" egiten dela, eta ez "egon".
Halaxe da. Inoiz *"kriston haizea dago!" entzungo dugu, gaztelaniazko "¡hace un viento!" horren eraginez...
Baina, esan bezala, haizea ez da sekula ere egonean egongo, eta, ondorioz, erabat baztertzekoa da *"haizea dago" esapidea. Haizea beti ibili dabil!
Hortaz, ez esan *"haizea dago", baizik eta "haizea dabil".
+ "Haizea dabil"
- *"Haizea dago"
Habe ikasbil
Artikulua
Maddi Etxeberria Otaegik 'Zein usain dute oroitzapenek?' aurreneko eleberria argitaratu du. Bere blogetik jasotako artikulu bat ekarri dugu gurera.
Usain
Beti iruditu izan zait usainak eta pertsonak eskutik lotuta doazela, izaerak eta pertsonak doazen modu berean. Pertsona bakoitzak du bere-berea den usain bat; dela kolonia baten eraginez, edo dela bestela. Gertuko jendearekin sarritan gertatu zait; kalean noala bere usaina etortzea. Buruak beste toki batera transportatzen zaitu; pertsona horrekin elkarbanatutako uneak, elkarrizketak...
Usainak beti izan dira bereziak niretzat, eta badira bereziki espezialtzat ditudan usain batzuk ere; sarritan nirera iristen direnak. Identifikatuak ditut usainak; identifikatuak usainen jabeak. Oraindik, ordea, ez dakit zer den hain berezi duten hori.
Batzuetan, gertatu izan zait kotxean noala usainen bat etortzea. Oraindik ez dakit zergatik gertatzen den; baina badakit, badela pertsona horrekin une horretantxe gogoratzeko arrazoirik. Oraindik, garatu edo deskubritu gabeko arrazoiren bat; une horretantxe, leku horretantxe, pertsona horrekin gogoratzeko.
http://maddietxeberria.blogspot.com/
Chromen edo Firefoxen ikusi