ERABILERA OKERRAK I
Ez dira egokiak gero eta sarriago entzuten diren honako esaldi hauek eta antzekoak:
*Asko gorrotatzen naiz………Asko gorrotatzen dut neure burua.
*Sarritan ikusten gara egoera horretan……..Sarritan ikusten dugu geure burua egoera horretan.
Dena dela, batzuetan, aditzak nor jokoa ere onartzen du, orraztu, garbitu, aurkitu eta antzeko aditzekin:
Orraztu naiz / Garbitu naiz / Bakarrik aurkitzen naiz.
Baina okerragoak dira beste hauek (aditzak du behar du):
*Garbitu zara aurpegia?.......Garbitu (al) duzu aurpegia?
*Galtza berriak erosi naiz…..Galtza berriak erosi ditut.
*Apunteak etxean ahaztu naiz……Apunteak etxean ahaztu zaizkit/ditut.
Euskaltzaindiaren arauak errepasatzeko ariketa orokorrak, HEMEN
Pasartea
Txizagura
Zenbat kinka larritan ez ote zara egon zure bizitzan, zenbat larrialdi ez ote dituzu jasan maskuria hustu behar baitezpadako eta erabatekoa sentitu izan duzuenean eta komunik hurrean izan ez duzunean, zenbat aldiz ez ote duzu ikusi zeure burua trafikoan preso, konparazio batera, edo bi geltokiren artean mugitu ezinik geratutako metroko bagoi batean eserita, agonia betean zeure burua txizagurari eustera behartu beharrez.
Dilema unibertsal horren gainean ez du inork egundo hitz egiten, baina guztiak izan dira noiz edo noiz egoera horretan, eta nahiz eta ez den giza pairamenaren adibide komikoagorik maskuria lehertzekotan edukitzea baino, ohitura duzu horrelako gorabeherak direla eta barrerik ez egiteko harik eta zeure burua arindu arte… zeren eta, nork, hiru urterik gorakoa denik, nahiko luke frakak jendaurrean busti?
Horrexegatik, hain zuzen, ez zaizkizu inoiz ahaztuko hitz hauek, zure lagun bati aita hil-hurranak esandako azkenak: “Gogoratu, Charlie”, esan zion, “ez sekula alferrik galdu txiza egiteko aukerarik”. Eta holaxe iragaten da belaunalditik belaunaldira gizaldietako jakituria.
Neguko egunerokoa
Paul Auster (Oskar Aranak itzulia)