ZEHARGALDERA OROKORRETAKO ADITZ-ATZIZKIA:
-(E)N eta -(E)NETZ
1. Zehargaldera guztietan bezala, zehargaldera orokorretan ere aditzak –(E)N forma hartzen du, eta aski da atzizki hura zehargaldera ongi osatzeko, nahiz harekin batera EA edo OTE bezalako beste zenbait indargarri ere erabil daitekeen:
a) Ez dakit zuzen mintzatu naizEN
b) Galdetzera noa EA norbait azaldu dEN.
2. Halere, zehargaldera orokorreko aditzari atzizki indargarria erantsi nahi bazaio (baietza ala ezetza azpimarratzeko), anbiguitaterik sortzen ez duen –(E)NETZ atzizkia erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak euskara baturako. Beraz, bai-ez erako galde-perpausekin (galdetzailerik ez daukatenekin, alegia) baino ez dira erabiltzen.
a) Begira iezaiozu ongi EA gaitzik ageri duENETZ.
b) Askotan banago gizon horrek besterik ikusten OTE duENETZ .
c) Ez dakit ikusi duguNETZ.
3. -eNETZ aditz-atzizkia debeku da zehar-galdera zatizkoetan, hau da, bai/ez erakoak ez direnetan, galdetzaileak (nor, zer, non, zergatik, …) dituztenetan:
Zer moduz zebileN galdetu nion. *Zer moduz zebilenetz galdetu nion. • Zergatik itzuli zareN jakin nahi du. *Zergatik itzuli zarenetz jakin nahi du.
Ariketak egiteko, HEMEN
Pasartea
Minaren mundua
Arrazoibideak arbitrarioak dira, ez dira beti arrazionalak izaten. Aurreiritziak daude, eta ez da izaten erraza jendearen usteak informazioz eta argudio logikoz emendatzea.
Gainera, sufrimendua dago. Ez dugu hain desberdin pentsatzen: alfabetoko letrak konpartitzen ditugu, ideiak ere komunak dira. Bata-besteari ematen edo kentzen dizkiogu burutapenak, usteak eta asmoak. Baina mina, bakoitzak berea sentitzen du. Ez gara ideien munduan bizi, baizik minaren munduan.
Eta minaren mundua distantziena da. Mina jasaten duena eta eragiten duena ez dira planetan berean bizi. Norberaren mina oso konkretua da, ingurukoena ere larria. Urrun dagoen jendearen mina, ostera, urrutiago eta ezerezago da. Distantzia kontua da.
Gaur egun, distantziak malguak dira. Kurdistango bonbardaketaren lekuko zara etxeko salan. Atea zabaltzen ez badu, auzoko gaixoa ez duzu ikusten.
Bizitza ez al da oso arriskutsua?
Joseba Sarrionandia