Ezin naiz etorri ala ezin dut etorri?
Ezin naiz etorri da forma egokia. Aditz nagusiak (etorri) erabakitzen du zein adizki laguntzaile erabili.
Aditz nagusia iragankorra (transitiboa) bada, DU da laguntzailea; iragangaitza (intransitiboa) bada, berriz, DA.
Ezin naiz joan *Ezin dut joan
Ezin dut ekarri
EHULKU
Irakurrita entzun zen atzo Korrikako mezua. Pasarte bat ekarri dugu gurera:
“(…) Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.
Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra bezalakoa balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batetan ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?"