Alferreko perifrasiak
Gehienetan estilo-kontua bada ere, azken urteotan —inguruko erdaren eraginez bereziki— neurriz gain zabaldu da euskaraz alferreko perifrasiak erabiltzeko joera. Esanahi osoko aditz baten ordez, <hitz abstraktua + aditza> egiturara jotzen da. Aditz jakin batzuekin gertatzen da batik bat: aurkeztu, ekin, gertatu... (eta burutu, garatu, gauzatu eta gisakoekin).
(→ nominalizazio-estiloa (nominalizazioa ≠ aditz-izena))
Ez dirudi bide egokia, baldin bigarren aditzak oinarrizkoari esanahi argirik edo gehiagorik ematen ez badio; halakoetan, mesedea izan beharrean, traba da komunikaziorako. Nominalizazio-estiloaren gehiegikeria ere arrasto berekoa da. Estilo-liburu askok esaten dute bestelako aukera batzuetara jotzea komeni dela.
▼Udalak langileak fitxatzeko erlojuen aldaketari ekin dio egunotan (> Udalak langileak fitxatzeko erlojuak aldatu ditu egunotan).
▼Zubiaren eraikuntza egitea da helburua (> Zubia eraikitzea da helburua).
▼Proposatzen diren ariketak nahitaezkoak *gertatzen dira gida didaktikoko helburuak lortzeko.
▼Batzuk hain dira txikiak ezen ia ikusezinak *gertatzen baitira, eta ez diegu erreparatzen.
▼Zailtasunak *aurkezten dituen ikaslearentzat...
▼Txirrindulariak prest zeuden irteera hartzeko / irteerari ekiteko (> irteteko).
▼Gaur emango zaio hasiera kanpainari (> hasiko).
Euskara Batuaren Eskuliburua (moldatua)
Artikulua
Egunerokotasunean darabiltzagun objektu batzuk izugarri gustatzen zaizkit. Berez. Pazientziarik banu, bilduma bat egingo nuke arrautza egosiak jartzeko erabiltzen ziren kopaxka haiena; lehen ere inoiz idatzi izan dut oso gustuko ditudala galtzerdiak zurtzitzeko erabiltzen ziren arrautzak; kafeterek beti lortzen dute nire arreta; maite ditut egurrezko koilarak...
Egunerokotasunean darabiltzagun objektuekin egiten den arteak ere ikusmina pizten dit. Victor Nunes brasildarraren artelanak, esaterako. Tarteka, lapitz-margoen ohiko zorrozkailua- rekin ateratzen diren zurezko txirbilak erabiltzen ditu bere marrazkien oinarri. Txirbilen berezko forma baliatzen du indiar baten buru lumajea, pertsona baten koilara, musikariaren eskusoinua... egiteko, eta haren inguruan lapitzez marrazten du koadroari falta zaiona.(…)