Arrasateko familia baten kontuak ekarriko ditugu gurera. Ohi bezala, berriketan hasi dira afal ostean, eta alaba berritsuak pasadizo baten berri eman die besteei:
*Beste egunean mendira joan ginen andereñoarekin, Anbotora, iazko *leku berdinera…
Ama, beti adi, eta bere bi alaben euskara traketsa zuzentzeko prest…:
- Noiz ikasiko duzue? Zaindu egin behar ditugu horrelakoak. Behin betiko ikas dezaten, Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak liburura jo eta akats horiei buruzko azalpena irakurri die bi alabei:
- Gaztelaniazko “el otro día”-ren kalkoa da beste egunean. Hobeto horrela:
Lehengo egunean mendira joan ginen andereñoarekin.
Aurreko egunean mendira joan ginen andereñoarekin.
- Bera/berbera hitzak behin baino gehiagotan agertzen zaigun objektu edo pertsona bakarra adierazteko erabiltzen dira:
Gaur ere atzoko alkandora bera/berbera jantzi dut (ez berdina)
- Berdina, ostera, objektu edo pertsona bat baino gehiago izanik, euren arteko antza erabatekoa denean erabiltzen da.
Gaur ere alkandora berdina jantzi dut (Bi dauzkat berdinak, eta gaur horietako bat jantzi dut).
Bi alabek adi-adi entzun diote amari…
Mikroipuina
Zer da mikroipuin bat?
Ipuin hiperlaburra narrazio mota bat da, gehienez orri bakarreko luzera daukana. Testu osoa eta autonomoa da.
Hitz gutxirekin asko esaten duten testuak dira. Injenioarekin jokatzen dute. Era guztietako umorea lantzen dute: zuria, beltza, ironikoa… Izenburuak garrantzi handia dauka, eta baita bukaerako efektismoak ere.
Hainbat generotakoak dira: poemak, abestiak, aforismoak, grafittiak, errefrauak…
Gure garaira ezin hobeto egokitzen den idazkera mota, zalantzarik gabe.
Estresa
Estresak jota zegoen oporrak hartu zituenerako.
Lana, bulegoa, nekea, bilerak, telefonoa, arazoak, kezkak, bezeroak, epeak, buruhausteak… Gogo biziz hartu zuen abuztuaren lehena, eta etxera joan zen, familiarekin deskantsatzera.
Estresak jota zegoen oporrak amaitu zituenerako.
Umeekin hondartza, igerilekua, parkea, negarrak, bronkak, kexak, gaixoaldiak, jatorduak, borrokak… Gogo biziz hartu zuen irailaren lehena, eta bulegora joan zen, familiaz deskantsatzera.
http://blogak.baleike.eus/mikroipuinak/2011/08/29/estresa/#content