JO ADITZA
Jo aditza NOR-NORK erakoa da, hau da, du, dut, nau, zaitut… aditz laguntzaileak erabiltzea eskatzen du. Ezin da NOR erako laguntzaileekin erabili.
Beraz,
- * Mikelek jo egin dit.
- Mikelek jo egin nau.
Jo aditza erabiltzen dugunean, esaldiko NOR/ZER osagaiak beti kolpearen edo jotze ekintza horren hartzailea izan behar du. Hartzaileak NOR kasuan egon behar du, derrigor.
- * Mikeli ostikada jo zion.
- Mikeli ostikada eman zion
Ostikada, kasu horretan, ez da hartzailea, Mikel baizik. Hartzaileak NOR kasuan egon behar du:
Mikel jo, eta ez Mikeli jo.
Hortaz, hartzailea eta kolpea, biak adierazi nahi izanez gero, EMAN aditza erabili beharra dago:
- Nik Mikel jo dut.
- Nik Mikeli ostikada eman diot.
*Nik Mikeli ostikada jo diot.
“Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak” liburutik jasoa.
Letra bat beste bati, zentzu gabezia bat beste zentzu gabezia bati, lotzen zitzaion bakoitzean, forma ahots argi bilakatzen zen, eta argi-txinta geldoak bide ematen zien esangura bati eta haren irudiari, halako moldez non letra bakan batzuk ate edo etxe bihurtzen baitziren. Halaxe eraikitzen dute letra ezdeus batzuek, bakoitzak bere aldetik baliorik izan ez arren, etxe bat.
[...]
Letrak zure aurrean daude, atera itzazu beren neutraltasunetik, eta jolas egin haiekin, unibertsoaren kaosean barrena bidea urratzen duenak bezala. Letrak ez dira egundo geldirik egoten, irudi-gose dira, eta irudia esangura-egarri da. Letrak lurrezko ontzi hutsak dira. Bete itzazu lehen maite-kontuaren loezinaz. Letrak deiadar mutu batzuk dira, esanguran durundi egiten dutenak. Igurtz itzazu bata bestearen kontra, eta izar bat sorraraziko duzu; elkartu itzazu bata eta bestea, eta euriaren hotsa entzungo duzu; ipin itzazu bata bestearen atzetik, eta zure izenaren marrazkia ikusiko duzu, maila gutxiko eskailera hori (درويش).
Mahmud Darwix poeta palestinarra. Iñigo Roquek itzulia.