denbora ≠ eguraldia
Oro har, gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea da denbora, kronologiari lotua; latineko tempora (tempus) hitzean du jatorria.
Iraganez doa beti denbora.
Denborak ahantzarazten ditu oroitzapenak.
Eguraldi hitzak (sinonimoa, aro), berriz, eguratsaren egoera adierazten du; klimatologiari buruz ari da.
Eguraldi ona, txarra, nahasia.
Eguraldiaren berri eman.
Nolanahi ere, euskalki batzuetan (batez ere Ipar. eta Naf. (G. er.) eta Bizkaian ahozko erabileran), denbora darabilte eguraldiren ordez.
Denbora ona, txarra.
Artikulua
Eguraldia igartzeko era zahar bat
Gaur egungo euskaldun gehienoi, "ilegun", "sortelegun", "zotelegun" edo "zothalegun", "igarregun" eta "xino" hitzek ez dioskue ezer, baina ez zen berdin gertatzen gure arbasoekin. Honela, Nafarroa Garaian "ilegunak", Lapurdin eta Zuberoan "zotelegunak" edo "zothalegunak", Behenafarroan "zotelegunak", "zothalegunak" edo "xinoak", Gipuzkoan "ilegunak" eta Bizkaian "ilegunak" edo "igarregunak", urtean zehar izango zen eguraldia igarteko zerbitzen zuten egunak ziren. Eta, zeintzu ziren egun hauk?, ba, urtearen lehen hamabiak, bakoitza hilabete bati dagokiolarik, hau da, lehena, urtarrilari, bigarrena otsailari, eta abar.
Ez dakit nik metodo honek ondore onik ematen zuen ala ez, baina XX. mendearen azkenetan bizi naizen pertsona bat izanik eta gaurko ostagikindeak edo meteorologiak erabiltzen dituen tresnei eta teknikei begiratuz, ez dut uste gauza handirik lortuko zuenik. Dena dela eta, ba dirudi, metodo hau oso zaharra dela eta ez zeia erabili Euskal Herrian bakarrik, zeren Azkuek bere "Euskalerriaren Yakintza"n dakarren moduan, bai Tirolen eta bai Normandian ere ezagutzen baitzen, aldaketa batekin: Herri horietan, Gabon-egun eta Errege-egun artekoak ziren hamabi egunak, eta ez urtearen lehenak. Behar bada, Euskal Herrian ere horrela izango zen, zeren aitzinean urtea Gabon-egunean (neguko solstizioan) amaitzen baitzen, beraz, horik ziren orduko urtearen lehen egunak.(…)
Orduan, sinismen apur batez eta beste zorte apur batez, badakigu zein izango den aurtengo eguraldia. Behar eta nahi duenak, planifikatu ahal ditu oraindik bere oporrak. Badaezpadan esan behar dizuet metodo honek ez duela "asegurorik", beraz, ez dago inori "daños y perjuicios" eskatzerik. Mundu honetan ez da gauza perfektorik eta...
J. R. B. Otaola
Osorik, HEMEN