GEHIEN eta GEHIAGO
Gaztelaniazko “más” konparazioa egiteko eta superlatiboa egiteko erabiltzen da, baina euskaraz ondo bereizi behar dira horiek biak: “gehiago” eta “gehien/gehiena”.
Gaztelaniazko esaldi honetan: “el que más ha estudiado”, “más” hori superlatiboa da; beraz, “gehien/gehiena” erabili behar da (“gehien/gehiena ikasi duena”).
Adibideetan “gehien” forma erabili baldin badugu ere, horren forma mugatua erabiltzeak ere izan du tradizioa (“gehiena”).
Adibideak:
Ikasgai hau da *gehiago gustatzen zaidana.
Ikasgai hau da gehien gustatzen zaidana.
Arrautza frijituak eta patatak dira* gehiago jaten dudana.
Arrautza frijituak eta patatak dira gehien jaten dudana.
Folka da *gehiago entzuten dudan musika .
Folka da gehien entzuten dudan musika.
Ariketa batzuk HEMEN
Artikulua
Aurkezpenak ari gara egiten ingelesean. Gai bat aukeratu, eta klase aurrean aurkeztu. Talde txikietan, baina; sei pertsonako taldeetan, borobilean jarri ditugu aulkiak, eta gertuko elkarrizketa formatuan-edo egin ditugu aurkezpenak, txandaka. Gaur ez zait aurkeztea tokatzen, entzutea bakarrik. Etorri da lehenengo pertsona aurkeztera gure taldera; hiri handien anonimotasunari buruz aritu da, nahiko txukun, tipo nahiko afeminatu bat, urduri samar zegoena. Hurrengoa. Whiskiari buruz. Honek ere ezin izan du ezkutatu azentu frantsesa “r” batzuetan. Ados. Hurrengoa. Eseri zait ondoan, eta egia esango dizuet: ez dakit zeri buruz aritu den. Nire burua beste zerbaitetan zegoen; aitortuko dizuet zertan, lotsagarri samarra izan arren. Ondoan eseri zaidan segundotik, ahots zoli bat piztu zait barnean: lehenengo aldia da pertsona beltz bat hain gertutik hizketan ikusten duzuna. Hau da, ikusi izan dut jende beltza hizketan, baina ez nirekin. Tipo hau niri ari zait bere gaia aurkezten, metro erdira, eta beltza da. Oso. Haur bati jartzen diozunean bezala zarata egiten duen jostailu bat begien aurrean, nire burmuina hipersentsible bihurtu da. Herrixkarik isolatueneko baserritarrak nola aztertu dut tipoa: esku ahurraren kolorea besoaren kolorearen aldean, mingain ezin arrosagoa ezpain beltz eta lodien artean, ile kizkur-kizkurra (baina ez nire kizkurraren antzekoa, beltz-kizkurra, badakizue). Ze internazionala naizen, zenbat dakidan munduaz, ze aurreiritzi gutxi ditudan, ze modernoa naizen; tipo beltz bat jarri ondoan, eta munduko izaki exotikoenaren gisan aztertzea baino ez zait irten. En fin, egunero ikasten da zerbait. Gaur, adibidez, oso erraza dela esatea ez zarela arrazista, zure “arrazak” baino inguratzen ez zaituenean. Adibidez.
Maria Oses
Pasartea
Dena den, konturatzen hasia naiz urteak pasa ahala nire lagunak ere gero eta gogaikarriago bilakatzen ari direla, edo zaizkidala akaso. Agian ni neu naiz ezer berririk kontatzen ez duena, baina ez, uste dut eurak direla. Batez ere bikotea dutenak. A priori ez naiz bikoteen aurkakoa, baina mimesi horretan jausten hasten diren lagunek neure onetik ateratzen naute. Batzuek elkarren antz fisikoa ere hartzen dute, inongo lotsarik gabe gainera, arropa antzekoak jantzi, gustu musikalak konpartitzen hasi, zaigu gorrotagarria bitik behin esan (“gosea dugu” unizelularrak botatzea adibidez; nola irits daiteke norbait hori esatera?), eta hori guztia haien zoriontasunaren izenean irentsi behar dugula ikusarazi. Pentsatu dut, une batez, agian errazagoa zaiela gutasun horretan erabakiak hartzea, norberak bere buruarekin kudeatu ordez aurreko horren nahiekin negoziatzea. Batek daki. Hala ere, bikoteena salbu, une batez lasaitua sentitu dut, ez baitakit zein txerto klase eman ziguten lagun taldeko bakoitzari, baina oraindik gure ez-kuadrilla honetako inork ez dio men egin amatasunaren deiadarri, eta horrek erdia baino gehiago salbatzen du.
Nola heldu naiz ni honaino
Kattalin Miner