NOR/NORTZUK, ZER/ZERTZUK, ZEIN/ZEINTZUK
“Euskaltzaindiak, kontuan harturik forma atzizkidunak (nortzuk, zertzuk, zeintzuk) literatura tradizio jakin bati lotuak daudela, hau erabakitzen du: nor, zer eta zein formei lehentasuna ematea. Ez ditu, ordea, atzizki pluralgileak dituzten formak inola ere gaitzesten.
Orokorki duten izaera markatua aitortzen zaie soil-soilik, eta modu horretan -forma markatu gisa esan nahi da- aurkezten, bai eta onesten ere.
Edonola ere, forma hauen deklinabideko paradigmak hauek dira:
nortzuk, zertzuk, zeintzuk (abs), nortzuek, zeintzuek, zertzuek (erg), nortzuei, zertzuei, zeintzuei (dat), e.a.”
Araua irakurrita, hobeto ulertuko dugu era honetara:
Nor, zein eta zer singularrerako zein pluralerako erabil daitezke, eta lehentasuna emango diegu.
Nortzuk, zeintzuk eta zertzuk (pluralgileak) ere erabil ditzakegu.
Saiatuko gara argitzen adibide batzuen bitartez:
NORTZUK etorriko dira gaur? Hobeto dago: NOR etorriko dira gaur?
Gaizki:* NORTZU etorri dira gaur
NORTZUEK egin dute hau? Hobeto dago: NORK egin dute hau?
ZEINTZUK dira gureak? Hobeto dago: ZEIN dira gureak?
ZEINTZUENTZAT erosi dituzu praka horiek? Hobeto dago: ZEINENTZAT erosi dituzu praka horiek?
Berdin-berdin erabil dezakegu:
ZEIN etorri dira?
ZEINTZUK etorri dira?
…baina hobeto dago lehenengoa: ZEIN etorri dira?
Gaizki dago:* ZEINTZU etorri dira?
Pasartea
"Nire artikuluak argiak ziren, zorrotzak, dirdaitsuak; estimatu egiten zituzten, are gehiago sekula ez nintzelako emandako datarekin atzeratzen. Baina nahikoa al zen hura bizitza bat justifikatzeko? Eta zer behar du bizitza batek justifikatua izateko? Animalia guztiak, gizaki guzti gehienak, sekula justifikazio beharrik txikiena ere sentitu gabe bizi dira. Bizi direlako bizi dira, eta kitto: horrela arrazoitzen dute; gero, pentsatzen dut, hiltzen direlako hiltzen dira, eta hortxe amaitzen da, haien ikuspegitik, analisia."
Michel Houellebeck
Sumisioa
Atzo gaizki portatu nintzen kosmosarekin. Egun osoa pasatu nuen ezertaz galdetu gabe, ezertaz harritu gabe.
Wislawa Szymborska
Falta de atención
Euskara vs erdara